‘Sagardopotea’ tabernetan zehar

Txintxarri Aldizkaria 2016ko apirilaren 1a

Herriko 11 tabernek bat egin dute Aterpeak antolatutako ‘Sagardopote’ egitasmoarekin. Hurrengo ostiralean, hilaren zortzian, arratsaldeko zazpietatik bederatzietara ostatuen kanpoaldean karpak jarriko dituzte. Euro eta erdian sagardo basoa edan ahal ahalko dute bertaratuko diren herritarrek, pintxo batekin lagunduta.

Lasarte-Oriaren izaera gastronomikoa aldarrikatu nahi du ‘Lasarte-Oria Herri Gastronomikoa’ ekimenak. Haren baitan antolatu zen azaroan hirugarren aldiz Pintxo Ibilbidea. Datorren ostiralean, berriz, ‘Sagardopotearekin’ gozatzeko aukera egongo da herriko zenbait ostatuetan.

19:00etan hasiko da eta afal ordura arte luzatuko da ekintza, 21:00ak arte hain zuzen. Tabernen kanpoaldean karpak jarriko ditu Udalak eta euro eta erdian sagardo baso eta pintxo bana dastatu ahal izango dira. Ttirriki-Ttarraka musika eskolako kideek musikaz lagunduko dute ibilbidea.

Ostalaritza suspertu

Alkate Jesus Maria Zaballosek  Aterpea eta Lasarte-Oriako tabernak zoriondu ditu halako ekimenak antolatzeagatik. Atsobakar auzoko Apalategi kafetegian egin dute aurkezpena, parte hartuko duen ostatu batean alegia.

Azaldu duenez “herriko ostalaritza eta merkataritza suspertu” ahal izateko beharrezkoak dira halakoak. Kasu honetan, karpak jarriaz lagunduko dute, eta jakinarazi duenez “ahal denean” lagunduko dituzte antzeko helburua duten ekintzak.

Hamaika taberna 

Aterpeako kide Ramon Ormazabalek jakinarazi duenez, Lasarte-Oriako hamaika ostatuk hartuko dute parte ‘Sagardopotean’.

Viña del Mar eta Arkupe tabernek Bereziartua sagardoa eskainiko diete bertaratutakoei. Sanchok, berriz, Urdaira; Buenetxeak Alorrenea; Avenidak eta Trumoiek Illarramendi; Yolandak Itxasburu; Izurdek Saizar; Lasartek Mina; Apalategik Petritegi eta Zubietako Araeta sagardotegiak etxekoa bertakoa.

Azken honek berrikuntza eskainiko du: udarearekin egindako sagardoa. Araetako Ignacio Oñatek azpimarratu duenez “tradizioa eta berrikuntza uztartu” nahi izan dituzte. Izan ere, garai batean sagardotegietan egiten zuten udareardoa sagarrik gabe geratzen zirenean.

Pintxo ikastaroa

III. Pintxo Ibilbidean parte hartu zuten tabernetako sukaldariak Martin Berasategi jatetxean izango dira pintxoak egiteko aholkuak jasotzen.

Apirilaren 15ean egingo du lehenengo saioa leihaketan garaile ateratako Sancho tabernak.

 Dagoeneko ostatuek ere Martin Berasategiren aholkuak jasoko dituzte 2016an zehar.