Dena prest iganderako

Txintxarri Aldizkaria 2016ko apirilaren 4a

Lasarte-Oriako BTT trabesiaren VI. edizioa jokatuko da igande honetan. Prest du dena probaren antolatzaile Saiatuz txirrindularitza taldeak.

Parte hartzaileek bi ibilbide edukiko dituzte aukeran. Batetik, laburra: 28 kilometrokoa izango da eta 600 metroko desnibel positibo metatua edukiko du. Bestetik, luzea: 39 kilometro burutu beharko dira, 1.000 metroko desnibel positibo metatuarekin. Hamazazpigarren kilometroan jaki zein edariekin hornidura-postu bat jarriko dutela jakinarazi dute antolatzaileek.

Okendo plazatik aterako dira txirrindulariak, igandean, 9:30ean. Neutralizatua izango dira aurreneko sei kilometroak, Txokoalderaino. Andatza mendian barrena egingo dituzte kilometro gehienak. Gune teknikoak egongo dira ibilbidean zehar: bi pinu arteko eta zirkuitu zirkular bat, bi kilometrokoa, Azkar garraioen egoitza parean. Antolatzaileek zehaztu dutenez, bidea errazagoa izan dadin palet batzuk jarri dituzte zenbait gunetan.

Okendon helmugaratu eta gero, indarrak berritu ahalko dituzte parte hartzaileek bertan: patata-tortila, txistorra, freskagarriak, garagardoa... Ez da ezer faltako. Kiroldegiko dutxak ere erabili ahalko dira; debaldeko masajeak ere jaso ahalko dituzte txirrindulariek. Bizikletak garbitzeko mangerak ere jarriko dituzte antolatzaileek.

Proban izena eman daiteke oraindik, kirolprobak.com atarian, 10 euro –ibilbide motza– edo 12ren –luzea– truke. Dortsalak bezperan jaso beharko dira, Antonio Mercero gunean –Okendo plaza aldamenean–, 18:00etatik 20:30era. Norbaitek azken orduan erabakiko balu BTTan izena ematea, bezperan –dortsalak jasotzeko toki eta ordu berean– edo probaren egunean bertan –Okendon, 8:30etik 9:15era– egin dezake, prezio hauetan: 15 euro ibilbide motza egiteko, eta 17 luzerako.