Iñigo Ibarburu txukun Sabadellen

Txintxarri Aldizkaria 2016ko apirilaren 4a

Sabadellen (Herrialde Katalanak) lehiatuta eman zion amaiera neguko sasoiari Buruntzaldea IKTko igerilari Iñigo Ibarburuk. Espainiako Udaberriko Open txapelketan hartu zuen parte Aste Santuko oporraldia baino lehen; marka pertsonal berri bat, taldeko absolutu mailako errekor berri bat eta 100 tximeletako finalean aritzea lortu zuen, aurrez ezarritako helburuak ongi asko betez.

Jokatu zituen lau probetatik batean, gutxienez, marka pertsonala ontzea. Helburu hori ezarri zion bere buruari Iñigo Ibarburuk, martxoaren 19tik 22ra Sabadellera joan aurretik. Lehenengo konpetizio egunean beteta zeukan jada: bi minutu, zortzi segundo eta 62 ehunekotan geratu zuen erlojua, 200 tximeleta proban. Distantzia horretako taldeko absolutu mailako errekorra ere birrindu zuen Ibarburuk. "Proba zailenean bete zuen helburua Iñigok", zehaztu du Borja Apeztegia prestatzaileak.

Proba horretan egindako ahaleginak, ordea, baldintzatu egin zuen herritarraren hurrengo egunetako jarduna, min hartu baitzuen sorbaldan. Dena den, oso txukun aritu zen oraindik jokatzeke zituen hiru probetan –50 eta 100 tximeletan eta 100 librean–. 

100 tximeletako finalean

Distantzia horretako finalera sailkatzea lortu zuen Ibarburuk eta meritu handiko zortzigarren postua eskuratu zuen. 57 segundo eta 29 ehuneko behar izan zituen proba osatzeko. 50 tximeletan 26.35eko denbora egin zuen, eta 55.30ekoa 100 librean. 

"Neguko zati gogorra igaro da jada; udarakoa lasaiagoa izango dela uste dugu, eta Iñigok hobeto baliatuko dituela hemendik aurrerako entrenamenduak", adierazi du Apeztegiak. "Berriro ere egurrean hasteko itxaropenez ekingo diogu fase berriari".