Erorketak dira 64 urtetik gorako pertsonen lesioen arrazoi nagusia, azken datu epidemiologikoek erakutsi dutenez. Horien arabera, adin-tarte horretako biztanleen erdiak erorketaren bat pairatzen du urtean behin, gutxienez. Ezbehar horien ondorioak fisikoak, psikologikoak eta sozioekonomikoak izan ohi dira.
Arazo hori saiheste aldera, Udaleko Gizarte eta Kirol batzordeek tailer teoriko-praktiko bat prestatu dute, Jaurlaritzako Osasun sailarekin batera, hilaren 13rako. Biyak Bat elkartearen egoitzan bilduko dira, eta hainbat gai jorratuko dituzte arratsalde horretan, 18:00etatik 20:00etara bitartean.
Tailerraren edukiak
Landuko dituzten gaien artean honakoak topa daitezke: erorketekin zerikusia duten etxe barruko zein kanpoko arriskuak, zahartze-prozesua eta erorketekin lotutako arriskuak, jarduera fisikoaren onurak osasunean, udalerriko baliabideak eta nola zutitu erorketa baten ostean, besteak beste.
Antolatzaileek jakinarazi dute mugatuak direla ikastaroko plazak.