Luken Carbayeda juniorra ederki Gipuzkoako selekzioarekin

Txintxarri Aldizkaria 2016ko api. 5a, 12:58

Valladoliden jokatutako Federazio txapelketan aritu zen Buruntzazpiko txirrindulari junior Luken Carbayeda, pasa den asteburuan. Gipuzkoako selekzioko lasterkarietako bat izan zen herritarra. Ederki aritu ziren, taldekako lehenengo postua erdietsi baitzuten bertan.

Buruntzazpi taldeko juniorrak denboraldi aparta egiten ari dira aurten, Gipuzkoako selekzioko hautatzaileen arreta deitzeraino. Luken Carbayeda taldeko kidea Valladolidera joateko deialdian sartu zuten; bertan aritu zen herritarra pasa den asteburuan, Federazio txapelketako lasterketan pedalei eragiten. 

Txirrindulari gipuzkoarrak lasterketa bikaina burutu zuten, eta taldekako sailkapeneko lehenengo postua eskuratu.

Deba, Zestoa, Hondarribia...

Gipuzkoako errepideetan zehar eragin zieten pedalei Buruntzazpiko txirrindulariek, pasa den asteburuan. Juniorrak Deban aritu ziren, 43. Amaikak Bat sarian. Bosgarren postuan helmugaratu zen Jokin Alberdi, 2.10.03ko denbora eginda. Oier Urbizu hamazazpigarren izan zen eta 29. Iñigo Altuna. 

Kadeteek Zestoan izan zuten hitzordua, larunbatean, III. Gurutzeaga sarian. Manex Altuna izan zen helmuga zeharkatu zuen taldekide bakarra. 30. sailkatua izan zen txirrindulari gaztea; ordubete, 33 minutu eta 43 segundo behar izan zituen ibilbidea osatzeko.

Infantil mailan, sariak pilatu eta pilatu ari dira Iñaki Errazkin eta Asier Pozo. Hondarribian lehiatu ziren pasa den larunbatean; bigarren eta hirugarren izan ziren, hurrenez hurren.