Zelaietara itzuliko dira Beltzak taldeak asteburuan

Txintxarri Aldizkaria 2016ko apirilaren 6a

Aste Santua pilak kargatzeko baliatu ostean, errugbi gosez dira Beltzak taldeak. Asteburu honetan itzuliko dira zelaietara. Babyauto Zarautz taldeak soilik jokatu zuen pasa den asteburuan, Blusens RC galiziarren kontra; 21-29 irabazi zuten Fran Puertasenek. Ander eta Xabier Rekondo anaiak norgehiagoka horretan aritu ziren.

Aste Santuko oporraldiaren ostean, asteburu honetan itzuliko dira zelaietara Beltzak taldeak. Kategoria guztietako jokalariek aseko dute errugbi gosea. 

Seniorren Euskal Ligako taldeak Zaisa Irun RTren kontra jokatuko du larunbatean, Zarauzko Asti zelaian. 12:00etan hasiko da norgehiagoka. Azken jardunaldietan jokalari gutxiagorekin aritu behar izan dute, lan-kontu, lesio eta antzekoak tarteko, baina hala ere ez diote segundo bakar batez ere utzi borrokatzeari.

18 eta 16 urtez azpiko Gure Etxea Beltzak taldeek Lasarte-Orian jokatuko dituzte asteburu honetako partidak. Larunbatean ariko dira biak. Lehenengoek Bera Bera RTren kontra neurtuko dituzte indarrak, 16:15ean. Gernika RT izango dute aurrez aurre bigarrenek; 15:00etan hasiko dira jokatzen. Zaleek autobusez joan ahalko dute Michelinera: 13:30ean aterako da Zarauzko Asti zelaitik.

Gipuzkoako txapelketako hirugarren postua eskuratzeko lehiatuko da 14 urtez azpiko Lavie ZRT-Beltzak. Ezin izan zuen finalera sailkatu, baina denboraldi bikaina burutu du taldeak, hala ere. Biribildu egin nahi du orain, Gipuzkoako hirugarren geratuta. Horretarako, La Rioja hartu beharko du mendean. Joaneko norgehiagoka jokatuko dute larunbatean, Logroñoko Pradoviejo zelaian, 11:30ean. Guraso, lagun eta zaleek autobusa antolatu dute, gaztetxoak animatzera joateko. 8:15ean aterako da, Astitik. Handik ordu laurdenera pasako da Michelindik.

10 eta 12 urtez azpiko gaztetxoek topaketak egingo dituzte Zarautzen, igande goizean. 10:30ean hasiko dira. 

Babyauto Zarautz, garaipenez garaipen

Ohorezko B mailako iparraldeko multzoko txapelduna da jada Babyauto Zarautz, baina Fran Puertasen jokalariak ez dira apurtxo bat ere erlaxatu. Garaipenak pilatzen segitzen dute jardunaldiz jardunaldi: Galiziako Blusens RC izan da haien azken 'biktima'. 21-29 irabazi zuten zarauztarrek, pasa den asteburuan. Ander eta Xabier Rekondo herritarrak norgehiagoka horretan aritu ziren.

Aurreneko zatian ez ziren fin ibili zarauztarrak, eta bederatzi puntu azpitik joan ziren atsedenaldira: 21-12. Falemaka Tatafu jokalari tongatarrak hiru entsegu egin zituen, eta talde galiziarrak transformatu egin zituen denak. 

Bigarrenean, ordea, egoerari eta markagailuari buelta eman zien Babyauto Zarautzek, eta puntuak Euskal Herrira bueltan ekarri, 21-29 irabazita. Larunbat honetan amaituko dute liga erregularra, Astin, La Unica RT nafarren kontra indarrak neurtuz. Emozionantea izango da norgehiagoka, bisitariek irabazi egin behar baitute hurrengo urtean ere Ohorezko B mailan jokatzeko. Larunbatean izango da partida, 17:00etan.