Arteaga II.ak Promozioko eskuz banakako txapelketako final zortzirenak jokatuko ditu gaur

Txintxarri Aldizkaria 2016ko apirilaren 8a

Eskuko minetik osatuta, Arteaga II.a kantxetara itzuliko da gaur iluntzean. Promozioko eskuz banakako txapelketari ekingo dio, Oiartzungo Madalensoro pilotalekuan, 22:00etan. Askotan bikote izan duen Ander Imaz oiartzuarra gaur aurrez aurre edukiko du.

Kolore desberdinetako kamisetak jantziko dituzte gaur Ander Imazek eta Arteaga II.ak; gorria eta urdina, hurrenez hurren. Promozioko binakakoan bikote gisa jardun dira hainbat jardunalditan, baina elkarren kontra ariko dira gaur iluntzean Oiartzungo Madalensoro pilotalekuan, 22:00etan. Promozioko eskuz banakako txapelketako final zortzirenak jokatuko dituzte.

Jokatutako azken partiduan min hartu zuen Arteagak eskuetako batean, baina dagoeneko osatu denez, pilotari gogor astintzeko moduan da berriro ere.

Intza KEko seniorrak, Udaberriko lau t'erdikoan

Intza KEko senior Jon Pello Artetxe eta Aritz Solanok Udaberriko lau t'erdiko txapelketari ekingo diote bihar arratsaldean, Michelingo pilotalekuan. Artetxek Urnietako Loitegirekin neurtuko ditu indarrak; Solanok, berriz, Euskal Giroa taldeko Ibargarairekin.

Partiduak 16:00etan hasiko dira. Aipatutakoez gain, bigarren urteko alebinak ere ariko dira Michelinen, Hernaniren aurka, Gipuzkoako txapelketan. Norgehiagoken ordena hau da: bigarren urteko alebinak ariko dira lehenengo, 16:00etatik aurrera; ondoren, Artetxek eta Loitegik jokatuko dute; eta, azkenik, Solanok eta Ibargaraik.