Hasiera batean utopia zena helburu bihurtu zen, zenbait jardunaldiren ostean. Orain, errealitate: Euskal Ligan lehiatuko dira datorren sasoian Ostadarreko junior neskak. Kategoria mantentzeko ligaxka ari dira jokatzen, eta amaitzeko jardunaldi bakarra falta denean, maila horretan konpetitzen jarraitzeko txartela poltsikoan dute, matematikoki.
Baldintza pare baten pean zegoen ligaxkako azken jardunaldira lanak eginda iristeko aukera: batetik, Ordizia garaitu behar zuten urdin-beltzek; bestetik, Getxok galdu egin behar zuen San Viator liderraren kontra. Biak bete ziren: 47-36 irabazi zuen Ostadarrek; 44-47 galdu zuen Getxok. Gauzak horrela, ametsa egi bihurtu da. Ostadarrek taldea edukiko du junior nesken Euskal Ligan, 16/17 denboraldian.
Sasoi bikaina
Errendimendu mailan ekin zioten sasoiari junior neskek. Lider amaitu zuten lehenengo fasea, eta kategoriako lauko finala jokatzera sailkatu. Euskal Ligara igota zeuden jada, baina erabakitzeke zegoen maila mantentzeagatik borroka egin edo Euskadiko Txapelketa jokatuko ote zuten.
Araskiren kontra neurtu zituzten indarrak herritarrek, eta euren onena eman bazuten ere, ezin izan zuten final handirako sailkatu. Denboraldia amaitu arteko erronka finkatuta zuten jada: Euskal Ligan mantentzeko lehiatuko ziren beste bost talderekin batera –Ordizia, Getxo, San Viator, Atletico San Sebastian eta Araba–.
Hasieran utopia zirudiena helburu bilakatu zen lau jardunaldiren ostean. Jokatutako norgehiagoka guztiak irabazi zituzten urdin-beltzek. “Euskal Liga ez zen gure kategoria, izatez; gozatzea genuen helburu, ez gintuen kezkatzen maila mantentzeak. Lautik lau irabazi eta gero, ordea, salbazioan hasi ginen pentsatzen”, dio Ander Otaegi entrenatzaileak.
Ligaxka hamar partidakoa dela kontuan hartuta, hasiera bikain horrek lasaitasuna eman zion taldeari. Momentu zailak ere igaro dituzte, hala ere: “Bi norgehiagoka garrantzitsu galdu genituen segidan, Getxo eta San Viator taldeen aurka, baina koltxoia geneukan, oso ondo hasi ginelako”, azaltzen du Otaegik.
Bigarren fasea amaitzeko partida bakarra falta da eta Ostadarrek dagoeneko eginak ditu lanak. Horrek ez du esan nahi arratsalde pasa joango direnik, Otaegik esan duenez: “Asteburuan Arabaren kontra jokatuko dugu; aurten garaitu ez dugun talde bakarra da”.