Urtero bezala, Burunzpe guraso elkarteak kultur aniztasunaren astea antolatu du. Hala ere, aurtengoa ez da aurreko urtetakoa bezalakoa izango. Sasoeta-Zumaburu eskolatik Lasarte-Oria osora zabalduko dute jaialdia 2016 honetan.
“Kulturanitza den gizarte batean bizi gara”, eta testuinguru horretan hezkuntza ezinbestekoa da, antolatzaileen ustez. “Norberaren esentzia galdu gabe, kultur asko elkarrekin biziko diren eremua lortzea” dute helburu.
Hori lortze bidean, datorren astelehenetik aurrera eta aste osoan zehar, hamaika ekintza antolatu dituzte.
Hitzaldi ugari
Hilaren 11n arratsaldeko 17:30ean emango diote hasiera jaialdiari herriko alkate Jesus Maria Zaballosek eta Hezkuntza kontseilari Cristina Uriartek Manuel Lekuona kultur etxean.
Ondoren, hitzaldi aretoan biztanle atzerritarrekiko estereotipo eta aurreiritziei buruzko hitzaldia emango du Gorka Morenok. Ikuspegiko –immigrazioaren euskal behatokiko– zuzendaria eta EHUn gizarte langintzako irakaslea da bera.
Ordu berean, txikiek ‘Aniztasuna bizipoza’ ipuina entzuteko parada edukiko dute Kontukantoi taldearen eskutik. Kontakizuna eta ilustrazioa uztartuko dituzte Beak eta Cesarrek.
Asteartean SOS Arrazakeria taldeko Tarana Karimek eta Silvana Lucianok ‘Bizilagunak eta zurrumurruak’ izeneko hitzaldia eskainiko dute. Aniztasun kulturalari buruzko topiko eta estereotipo negatiboak borrokatuko dituzte, “mobilizaziorako sareak sortuz”.
Ondoren, 19:00etan, elikagai arabiar tipikoen dastaketa egingo dute.
Berriro ere, Kontukantoi taldeko lagunek ipuin kontaketa saioak egingo dituzte hizlariak berbetan diharduten bitartean, 18:00tatik 19:00etara gutxi gora behera. Oraingo honetan, 'Txanoak buruan eta ibili munduan' ipuinarekin liluratuko dituzte umeak.
Asteazkenean ikastetxeetan
Herriko ikastetxeetan zenbait hitzaldi eskainiko dituzte asteazken goizez.
Mendebaldeko Sahararen egoerari buruz arituko dira TEBAL elkarteko kideak 9:00etan Lasarte-Usurbil BHI institutuan eta 11:00etan eta 13:00etan Landaberri institutuan.
Bestalde, ijitu herriari buruzko hitzaldia emango du Kale Dor Kayicok taldeak 9:00etan Sasoeta-Zumaburu ikastetxean.
Realak hasiko ditu arratsaldeko ekintzak. Izan ere, kirola eta kultur aniztasuna izango dituzte hizpide 17:00etan Manuel Lekuona kultur etxean eskainiko duten hitzaldian.
Ordubete beranduago, islamaren barneko aniztasuna jorratuko dute, Mansur Mota Valentziako Islamiar kultur zentroko imamaren eskutik. Marokoko elikagaiak dastatuko dituzte amaieran.
Txikienentzat Ttakun kultur elkarteak ‘Ipuin artean’ kontaketa saioa eta antolatu du 18:00etan. Kontakizunarekin batera tailerra ere egingo dute.
Ekitaldia ostegunean
Ostegun arratsaldea ere ekintzaz josia dator. Fatima Galiak bidegabekeriaren kontrako poesia errezitatuko du. Galdakaon bizi den sahararra da Galia. Kuban bizitakoa da eta bertan egin zituen kazetaritza ikasketak. Beste hitzaldietan egin bezala, bertako elikagaiak dastatuko dituzte hitzaldia bukatu ostean.
18:30ean kultur aniztasun ibilbidea hasiko da. 'Anitzen sarea' osatzea du helburu eta herriko hainbat elkarte eta eragilek hartuko dute parte. Manuel Lekuona kultur etxetik abiatu eta Rahma Islamen egoitza, Hogar extremeño, eliza eta Semblante andaluz zeharkatuko dituzte.
Arkupe tabernan, berriz, kontzertua joko du Javier Paiva abeslari venezuelarrak 20:00etan.
Semblante Andaluz elkartearen egoitzan egingo den Guztion Lasarte-Oria sortzen izeneko ekimen multikulturalak emango dio amaiera egunari, 20:30ean.
Gaztetxoei zuzendutako ostirala
Ostiralean 17:00etatik aurrera eta gauera arte ekintza ugarirekin gozatuko dute herriko gaztetxoek Jaizkibel plazan.
Extremadurako Etxeak txokolatada antolatu du eta umeentzako tailer eta jolasak egongo dira Ttakun kultur elkartearen eta ebanjeliar komunitatearen eskutik.
Erritmoarekin jolasean aritzeko aukera ere izango dute, tailer perkusioa egingo baitute.
Jalguneren edota Dinbi Banda Batukadaren emanaldiak etorriko dira ondoren.
Dantzarako denbora ere edukiko dute bertaratutako herritarrek. Izan ere, ekialdeko dantzak egingo dituzte.
19:30ean DJ Aitorrek girotuko du plaza, eta 21:00etan abesteko abilezia frogan jarriko dute 2KN okindegiko karaoke lehiaketan parte hartzen dutenek.
Egun handia
Egitarau mamitsua antolatu dute larunbatari begira. Goizeko ekitaldiak Landaberri institutu aurreko plazan egingo dituzte. Norbere herrialdeko ohiko jantziekin joateko eskaera luzatu dute.
Udal Musika Eskolako ikasleek trikitixa doinuekin alaituko dute eguna. Besteak beste, bidezko salerosketa postua egongo da ADSIS komunitateak ipinita.
Beste herri batzuetako ohitura eta eskulanak ikasteko parada edukiko dute. Esaterako, arabiar idazkera eta henna tailerra eta ile apaindegi afrikarrera gerturatu ahal izango dira herritarrak. Umeek ere edukiko dute zer egin. Haiei zuzendutako jolas eta tailer bereziak egongo baitira.
Eguerdian Kukukak euskal dantzen erakustaldia emango du, eta herriko umeek munduko kantak abestuko dituzte. Bazkalaurretik abesti nigeriarren emanaldia egongo da.
Semblante Andaluzek prestatutako herri paella bazkalduko dute Okendo plazan. Tiketak 5 eurotan erosi ahal izango dira elkartean bertan. Ondoren, TEBAL elkarteak haima muntatu eta tea dastatuko dute denek.
Zero Sette orkestrak, Boliviako dantzariek eta Zambra danza taldeak musika eta dantzaz beteko dute Okendo. 18:30ean euskal kantarien doinuak entzun ahal izango dira, eta 19:15ean Bollywoodeko dantzen emanaldia.
22:00etan emango zaio itxiera jaialdiari; Landaberri BHI institutu aurreko plazan Pangea rock taldeak eta Flame Door trap bikoteak emango duten kontzertuekin.
Lan handia
Aniztasuna sustatzea eta ospatzea du helburu MultikulturFest jaialdiak. Hala adierazi du alkate Jesus Maria Zaballosek.
Pozik agertu dira Udaleko ordezkariak jasotako babesagatik. Izan ere, herriko elkarte, eragile eta norbanako askok hartu du parte egitarauaren osaeran.
Mohammed Ezzaky-k eta Natalia Beltranek aste osoan zehar egingo diren ekintzak azaldu dituzte.
MultikulturFest jaialdiaren atzean “lan handia” dagoela azpimarratu dute, eta Lasarte-Oriako herritarrek erantzutea espero dute.
Gizarte zerbitzuetako zinegotzi Lourdes Acevedoren ustez, “gehitzeko eta integratzeko” filosofiarekin antolatutako egitaraua da.
Anitzen sarea
Teknikari Izaskun Oronozek aipatu du 2016ko Anitzen sarea ekitaldi honekin hasiko dela. Maiatzean hizkuntzen inguruko lanketa egingo da eta irailean aurreiritzien aurkako kanpaina.