Abian da bidea izeneko ekimenak “Amnistiaren norabidean, euskal preso eta iheslariak etxera” dokumentua kaleratu du.
Lasarte-Oriako preso ohiek bat egin dute testuarekin eta datorren asteko igandeko manifestazioan izango dira.
Ezker abertzaleak egindako hautua “bere egin” dute, “soilik molde demokratikoak” jarraituz.
Hala, Frantziako eta Espainiako estatuetatik “jarrera bortitza” topatu dutela nabarmendu dute, preso eta iheslarien aurkako “bortizkeria, jazarpena edota zigor erantsiak” ezarriz.
EPPK-k 2013an ateratako agirian bildutako urratsak defenditu dituzte. Hala nola, espetxe aldaketa eskatzea, preso gaixoen kaleratzea eta baldintzapeko askatasuna lortzeko eskariak eta zigor murrizketak bideratzeko helegiteak.
Dokumentuaren arabera, “preso eta iheslarien etxeratze bidea abian da”. Horretarako, “jendartearen engaiamendua indarberritzea” funtsezkotzat dute.
Bide horretan, ezinbestekoa ikusten dute “herri bezala” erabakitzeko eskubidea bermatzea.
Apirilaren 17an Bilboko Kasilatik aterako den manifestazioaren eskaera nagusiak bi dira:
Batetik, “salbuespenezko legedia astintzea” eta, bestetik, “sakabanaketarekin bukatzea”.
Hala ere, nabarmendu dute alde batetik baino gehiagotik konpromisoak hartu beharko direla.
Hori dela eta, “sakabanaketaren aurka eta presoen etxeratzearen alde” lanean ari direnak eta alde daudenak Bilbora gonbidatu dituzte.
Lasarte-Oriatik aterako diren autobusetan izena eman nahi duenak ohiko tabernetan egin ahal izango du egunotan.