Kirol ekitaldi bat behar bezala burutu ahal izateko baldintza guztiak bete ditu Lasarte-Oriako VI. BTT trabesiak. Probaren antolatzaile Saiatuz txirrindulari elkartearen lan eskergari gaurko eguraldi zoragarria gehituz gero, emaitzak ezin zuen izan bestelakoa: erabat arrakastatsua izan da ekitaldia.
Denera 363 txirrindularik hartu dute parte aurtengo edizioan. Okendo plazatik abiatu ziren denak, 9:30ean. Neutralizatuak izan dira aurreneko sei kilometroak, Txokoalderaino. Ondoren, Andatza eta Buruntza mendietan barrena ibili ziren parte hartzaileak. Batzuek 28 kilometroko ibilbide laburra burutu zuten, eta 39ko luzea besteek.
Okendo irteera eta helmuga
Abiatu eta bi ordu pasatxora hasi dira iristen txirrindulariak. Erabil genitzakeen kronikatxo honen lerroak irabazleei buruzko datuak emateko, baina ez litzaizkiguke kabituko. Zergatik? Trabesian parte hartu duten 363ak izan direlako garaile gaurkoan. Eta antolatzaileak. Eta bolondresak. Denek jarri dute euren hondar aletxoa kirol ekitaldia ongi baino hobeto atera dadin.
Hondarrez bainoago, lokatzez beteta iritsi dira parte hartzaileak Okendora. Euri dezente egin du egunotan, eta nabaritu da hori ibilbidea osatzerakoan.
Behin plazara iritsita, indarrak berritu dituzte: txistorra eta tortila pintxoak, freskagarriak, ura...ez dute ezer bota faltan. Bizikletak ere garbitu dituzte, plaza atzealdean zeuden mangerak erabilita. Kiroldegian dutxa bero bat ere hartu dute hainbatek. Era berean, sari ugari banatu dituzte antolatzaileek parte hartzaileen artean.