Etorriko dira egun hobeak

Txintxarri Aldizkaria 2016ko irailaren 16a

Ostadar SKTk ez du liga ongi hasi. Aurreneko jardunaldia eta aurreneko porrota. Gogorra, gainera: 1-4 galdu zuten Mikel Medina eta Gabi Sanchezen jokalariek David Muñoz herritarrak entrenatutako Zarautzen kontra. Akatsetatik ikasi eta lanean segi behar. Etorriko dira egun hobeak.

Izan hedabideetan edo jokalari zein entrenatzaileen ahotan, behin eta berriro irakurri eta entzuten dugu esaldi bera: akatsak oso garesti ordaintzen direla futbolean, arerioei erraztasunak emanez gero ez baitute barkatzen. 

Ia aspertzeraino errepikatzen dira topiko horiek, egia da hori, baina hainbestetan erabiltzen badira da normalean bete egiten delako esaten dena. Aurreko larunbateko partiduan behintzat bai: Ohorezko Erregionalak 1-4 galdu zuen Zarautzen aurka, hainbat akats eginda.

Hasi eta berehala maldan gora jarri zitzaion neurketa Ostadarri. Zarautz talde oso indartsua da estrategia jokaldietan; Michelinen ongi asko erakutsi zuen hori, eta hamabosgarren minuturako 0-2 irabazten zihoan, korner eta falta jaurtiketa bat sareratuta.

Egoera ez zen samurra urdin-beltzentzat. Bigarren gola jaso eta hurrengo minutuetan Zarautz izan zen nagusi, jokalari bat gutxiagorekin geratu bazen ere. Hirugarrena sartzeko zorian egon ziren.

Lehenengo zatiaren hondarrean 1-2koa sartu zuen etxeko taldeak: bikain errematatu zuen korner jaurtiketa bat Andoni Sanchezek. Itxaropentsu joan zen Ostadar atsedenaldira.

Akatsak garesti ordainduz

Esan dugu lehen ere: garesti ordaintzen dira akatsak, edozein kategoriatan. Egoera alde bazuen ere, Ostadarrek ez zuen jakin kudeatzen, eta atzean egindako pare bat akats baliatu zituen Zarautzek norgehiagoka erabakita uzteko. Azkenean, 1-4.

Porrot gogorra ligari ekiteko. Aparteko ezer egin ez bazuen ere, Zarautz hobeto aritu zen berdegunean; eduki zituen aukerak ez zituen alferrik galdu. Fisikoki ere gehiago izan zen David Muñozen taldea, nahiz eta minutu gehienetan jokalari bat gutxiagorekin aritu.

Hasiera besterik ez

Liga hasi besterik ez da egin eta ez da komeni dramatizatzea. Hori bai, zuloan sartu eta atera ezinik geratu nahi ez badute, lehenbailehen puntuak pilatzen hastea komeni, kategoria honetan ez baita erraza, hasieran puntu gutxi pilatuta, gero azken postuetatik ihes egitea. Dena den, gogora ekarri behar da orain dela bi denboraldi egindakoa: aurreneko itzulia bukatzear zela azkeneko postuan zeuden 7 punturekin, eta denboraldi amaieran 41 lortu zituzten. Hortaz, gaitasuna badute, eta erakutsi dute.

Bestalde, taldea dezente aldatu da urte batetik bestera, eta elkar ezagutzeko denbora beharko dute oraindik. Hainbat fitxaketa egin dira: Iñaki Bueno atezaina (Vasconia), Josu Apaolaza (Sporting Herrera) eta Txus Duarte (talderik gabe) defentsak, Eneko Dorronsoro erdilaria (Orioko), Alex Rodriguez (Orioko) eta Julen Campo (Real Union) hegaleko jokalariak eta Haritz Berasategi aurrelaria (Antiguoko). 

Dena dela, denboraldia aurrera doa; igandeko partidura begira jarri behar. Real Union izango dute aurkari, Galen, 16:00etatik aurrera. Ondoren, kategoriako beste oilarretako bat etorriko da Michelinera: Azkotiako Anaitasuna. Zaila, baina ez ezinezkoa.