Euskararen Maratoia Donostian aurkeztu da goizean. Ekimenak Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa jaso du eta horrela izanda, Mikel Irizar Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako zuzendaria aritu da 40 eguneko egitasmoa azaltzen Jon Antxordoki euskara zinegotzia, Naiara Mujika Ttakuneko ordezkaria eta zortzikoteko Joxe Mari Agirretxe eta Oihana Fu Otaegirekin.
Irizarrek azaldu duenez, "euskararen erabilera sendotzeko jaiotako proiektua berezitasunez eta erronkaz beteta dator. Dinamika linguistikoetan elebidun hartzaileek jokatzen duten papera aztertuko dute maratoian zehar, Aldundiak babestu eta EHUk garatuko duen ikerketa bidez".
40 egun euskaraz desafioari helduko dio aurtengo Maratoiak. 'Irten Armairutik' leloarekin, urriaren 23an hasi eta abenduaren 3ra bitartean "herritarrak euskarara gerturatu eta hikuntza erabiltzera animatu nahi ditugu" azaldu du Mujikak. 300 ahobizi eta 3.000 belarriprest lortzea dela helburua aipatu du Mujikak. Ahobiziek euskaraz jokaera aktiboa izango dute eta astebetez euskaraz egingo diote euskaraz ulertzen duenari. Belarriprest papera jokatzeko konpromisoa hartuko dute berriz euskaraz ondo moldatu ez baina ulertzen duten herritarrek. Hauek eurekin euskaraz egiteko gonbitea luzatuko diete herritarrei.
Erronka honetan parte hartzeko baldintzak azalduz amaitu du Mujikak. Agirretxek Maratoiaren sorrera azaldu du eta Lasarte-Orian euskararen ezagutza mailan gertatutako bilakaera azpimarratu du. Erabileraren erronka da landu beharrekoa orain. "Gure gazteek euskaraz ikasi dute eta jakin badakite, orain kalean erabiltzerabuktzatu behar ditugu." Oihanak betidanik ezagutu du Maratoia eta herriko euskal komunitatearentzat suposatu duenaz konturatuta, zortzikoteko kide bezala, herriko gazteak erronkan parte hartzera deitu ditu.
40 egunen ekimenak Lasarte-Oriatik kanpo piztu duen interesa azpimarratu nahi izan dute eragileek. "Egitasmoaren molde eta ekintzak berritzaileak izateaz gain, lehen aldia izango da horren parte hartze zabalarekin elebidun hartzaillek hiztunen ohitura linguistikoetan jokatzen duten paperari buruzko ikerketa akademiko bat egingo dena. Azterlan honen ondorioak etorkizuneko hizkuntza politiketara eta euskararen arloko ekintzetara eramateko baliagarriak izatea espero da".