Udal Kiroldegiari Maialen Chourrauten izena jartzea onartu du Udalbatzarrak

Txintxarri Aldizkaria 2016ko irailaren 14a

Udal korporazioak ikasturteko lehenengo ohiko udalbatzar saioa ospatu zuen atzo arratsaldean. Hartutako erabakien artean honakoak daude: Udal Kiroldegiari Maialen Chourraut piraguistaren izena jartzea, eta Askatasunaren parkea berdiseinatzeko parte-hartze prozesu bat abiatzea.

Atzoko plenoko gai-ordenean lau puntu jorratu zituzten alderdiek. Hori baino lehen, ordea, Miguel Angel Blancoren erailketari gaitzespena adierazte aldera minutu bateko isilunea gorde zuten. PPk aurkeztu zuen horri buruzko mozio bat uztailean, onartua izan zena. EH Bilduko kideak ez ziren aretoan egon tarte horretan; gai-ordena lantzen hasterakoan sartu ziren.

Jarraian, 2016ko maiatzaren 10ean eta 20an ospatutako batzarren aktak onartu zituzten, aho batez. 

Bake-epaileen izendapenak

Lehenengo puntua bake-epaile titularraren eta ordezkoaren izendapenei buruzkoa zen. PSE-EEk eta Lasarte Oriak Ahal Du alderdiek proposamen bat adostu zuten: Susana Zurutuza Sanchez titular gisa, eta Leire Jimeno Mendizabal ordezko gisa. Onartua izan zen, 11 aldeko bozka (PSE, LOAD eta PP) eta lau aurkakorekin (EH Bildu eta EAJ). Horren harira, argitu behar da berez lau kide dituela EH Bilduk, baina Kris Bernal ez zegoen presente une horretan (geroxeago etorri zen) eta Leire Elizegi ez zela egon udalbatzar saioan.

Proposamena onartua izan bazen ere, hizkuntza irizpideen bueltan ez zeuden ados zenbait alderdi. Zehazki, EAJ eta EH Bildu. Alderdi jeltzaleko bozeramaile gisara Jon Antxordoki aritu zen: "Aurka bozkatzea erabaki dugu, uste dugulako izendatutako pertsonak ez daukala euskara profil interesgarri bat; ondorioz, herritarrek bi hizkuntzatan artatuak izateko daukaten eskubidea ez da behar bezala betetzen". Koalizio abertzalearen izenean Pablo Barriok hitz egin zuen: "Pertsona horrek ez dauka dagozkion funtzioak betetzeko beharrezkoa den hirugarren profila; borondate eta fede onenarekin ariko dela ez dugu zalantzan jartzen, baina herritarren hizkuntz eskubideak ez dira maila berean bermatzen".

Jesus Zaballos alkateak (PSE) erantzun zuen izendatutako pertsonaren formazio profesionala hartu dela kontuan, eta baita ezaugarri linguistikoak ere, puntuazio bidez: "Uste dugu beharrezko baldintzak betetzen dituela".

'Maialen Chourraut Udal Kiroldegia'

Alkatetzak proposatu zuen Udal Kiroldegiak Maialen Chourrauten izena har zezala, "nazioarteko kirolaren munduan herriak duen enbaxadore nagusiari aitortza gisa". Besteak beste, aurtengo Rioko Joko Olinpikoetan urrezko domina irabazi du, piraguismoko ur bizietako K1 modalitatean. Aho batez onartu zuen udalbatzarrak proposamen hori.

Gai horren harira, zehaztu behar da kirolariaren izena ez zaiola eman eraikinari berari, baizik eta Lasarte-Oriak eskaintzen duen kirol zerbitzuari. Beraz, etorkizunean Kiroldegi berri bat eraikiko balitz, instalazioek Maialenen izena mantenduko lukete.

Arestian esan bezala, alderdi guztiek onartu zuten proposamena, baina egin nahi izan zituzten zenbait zehaztapen, "Alkatetzak erabilitako formei" buruzkoak, batez ere. Zentzu horretan, EAJko bozeramaile Estitxu Alkortak eskatu zuen hurrengo batean gaia "gainontzeko alderdi politikoekin batera" jorratzea, "Bozeramaileen Batzarrera eramanda, adibidez". LOADeko kide Arkaitz Nayak adierazi zuen proposamen hori internoki landu beharko litzatekeela. EH Bilduko Pablo Barriok esan zuen ados zegoela EAJk eta LOADek azaldutakoarekin, eta zehaztapen bat ere egin zuen: "Prozesu parte-hartzaile bat bota dugu faltan".

Jesus Zaballos alkateak azaldu zuenez, proposamena Alkatetzatik egitea erabaki zuten, "alderdi politiko bakar batek ere ideia hori ez kapitalizatzeko". Bestalde, 

Galdera eta erreguen txandan, Maialenen aita Iñakik eskerrak eman zizkion udal korporazioari, proposamena aho batez onartu izanagatik.

Ekitaldi ofiziala abenduan egingo dutela jakinarazi zuen alkateak, Maialen Chourraut gabonak igarotzera herrira etortzen denean. 

Askatasunaren Parkearen berdiseinua

Gai-ordeneko azken puntua Askatasunaren Parkeari buruzkoa izan zen. EAJk mozio bat aurkeztu zuen, eskatuz 2017an gune horren erabilera berriak finkatzeko parte hartze prozesu bati ekitea, herriko eragile desberdinak gonbidatzea lanketa horretan parte hartzera, eta, emaitzaren arabera, proiektu berri bati ekitea. Onartua izan zen alderdi jeltzalearen testua, bederatzi aldeko bozka (EH Bildu, LOAD, EAJ eta PP) eta zazpi aurkakorekin (PSE-EE).

EAJren bozeramaile Estitxu Alkortak zehaztu zuenez, "5.200 metro karratu inguru dituen parkearen diseinuak ez du bat egiten herritarren gunetzat kontsideratu zen ideiarekin: sekulako belarditan oinarritutako arkitektura horrek oztopatu egiten ditu pasealdiak, herri erabilerak, kirol eta jolas jarduerak, etab.". PP parte-hartze prozesuaren alde agertu zen: "Ez dezatela esan behintzat herritarren eskaera hori asetzen saiatu ez garenik", aipatu zuen Alejandro Saenzek.

LOAD alderdia ere ados agertu zen EAJk plazaratutakoarekin, baina adierazi zuen badaudela "proiektu urbanistiko garrantzitsuagoak". Esaterako, Basaundi auzoko berrurbanizazioa. EH Bilduk ere azpimarratu zuen gune horrek "askoz ere erabilera egokiagoa" eduki dezakeela, eta eskatu "prozesu parte-hartzaileak proiektu eta kasu guztietan abiaraztea". 

Jesus Zaballos alkateak esplikatu zuen gune horren diseinuaren zergatia: "Eusko Jaurlaritzako Kultura Departamentuak babestutako gunea da, eta izaera hori edukitzeko, baldintza konkretu batzuk bete behar zituen udaletxeak, proiektua egitean". 

Galdera eta erreguak

Azkenik, galdera eta erreguen txanda iritsi zen. PPk galdetu zion Udal Gobernuari ea zein zen Pablo Mutiozabaleko motor aparkaleku plazaren egoera, askotan autoek aparkatzen baitute bertan. EAJk jakin nahi zuen ea Super BMko karga eta deskargak ordutegiz kanpo egiten jarraitzen zuten edo ez, eta LOADen galdera Udalaren web orrialde berriaren egoerari buruzkoa izan zen. 

Jesus Zaballos alkateak erantzun zituen itaun guztiak. Motor aparkalekuari dagokionean, esan zuen udaltzainak jakinaren gainean daudela, eta eskatu zaiela aparkalekuak errespetatzeko exijitzea. Horrez gain, Eroski inguruan motor aparkaleku gehiago jarri direla jakinarazi zuen. Super BMko arduradunari deitu zaiola ere jakinarazi zuen, baina ez dutela berarekin hitz egin oraindik, oporretan dagoelako. Azkenik, web orrialdeari dagokionean, aipatu zuen ez zuela ezagutzen egoera zein den, baina ahal bezain laster galdetu eta informazio guztia e-posta bidez bidaliko diote LOADi.