Mugikortasun Astea irailaren 20tik 23ra ospatuko da

Txintxarri Aldizkaria 2016ko irailaren 13a

Europa mailako ekimenarekin bat eginez, Lasarte-Oriako Udalak eta Artelatzek Mugikortasun Astea antolatu dute. Irailaren 20tik 23ra bitartean ospatuko da; bizikleta izango da ekintzen ardatza.

Azkeneko urteetan egin legez, Lasarte-Oriak bat egingo du Europa mailan ospatuko den Mugikortasun Astearekin. Udalak eta Artelatzek, elkarlanean, egitarau zabala prestatu dute; irailaren 20tik 23ra bitartean hainbat ekintza burutuko dituzte.

Artelatzeko kide Aiala Eceizak, herriko alkate Jesus Zaballosek eta Ingurumen zinegotzi Agustin Valdiviak aurkeztu zituzten ekimenaren nondik-norakoak, atzo arratsaldean, udaletxe berriko aretoetako batean. Beste ezer baino lehen, jakinarazi zuten herritarren etxeetara bidalitako informazio-orrietako batean akats bat dagoela. Jartzen du Mugikortasun Asteko zenbait ekintza ostiral honetan (hilak 16) egingo direla, baina ez da horrela; ekintza horiek 23an burutuko dira.

Bizikleta protagonista

Esan bezala, irailaren 20an hasiko dira Mugikortasun Asteko ekintzak. Bizikleta izango da protagonista nagusia, baina ez bakarra.

Aurtengo ediziorako berrikuntza aipagarriena da bizikletaz ibiltzeari buruzko ikastaroak eskainiko direla DBHko bi ikastetxeetan (Landaberrin eta Lasarte-Usurbil institutuan), irailaren 20an eta 21ean. Eceizak zehaztu zuenez, taldeak hitzartuta daude dagoeneko; aditu baten aholkuak jasoko dituzte aipatu bi egun horietan.

Bizikletekin jarraituz, dagoeneko klasiko bihurtu den bigarren eskuko azoka izango da beste gune erakargarrienetako bat. Irailaren 23an, 16:30etik 19:30era, Okendo plazan, herritarrek aukera edukiko dute bertan salgai jarriko diren ibilgailuetako bat erosteko. Azoka horretan saldu nahi diren bizikleta eta antzekoak azoka ireki baino ordu t'erdi lehenago utzi beharko zaizkie antolatzaileei, Okendon bertan. Gehienezko salneurria 300 eurokoa izango da.

Egun horretan bertan, 6-11 urte bitarteko eta 12 urte baino gehiagoko gaztetxoek bizikleta martxatan parte hartu ahalko dute. Lehenengo adin-taldeko neska-mutilak 16:30ean irtengo dira Okendotik, eta 17:00etan bigarrenekoak. Bukatu ostean, sari bana jasoko dute parte hartzaile guztiek.

Mugikortasun Asteko egitaraua honako ekintzekin osatu da aurten: irailaren 22an, 'Nire autorik gabeko eguna' delakoarekin bat eginez, Muittu Manttangorri hiribusa doan hartu ahalko dute lasarteoriatarrek. Bestalde, 23an, 'Kalea Jolaserako' ekimenaren txanda izango da. "Kale Nagusia moztuko dugu, eta hainbat jolas jarri bertan: bizikleta jolasak, segway zirkuitua, herri kirolak... 16:30etik 19:30era bitartean jarriko ditugu", azaldu zuen Eceizak.

Parte hartzeko gonbitea

Jesus Zaballos alkateak azpimarratu zuen "harrera oso ona" edukitzen duela Mugikortasun Asteak herrian. Horri lotuta, lasarteoriatarren horietan parte hartzeko gonbitea luzatu zien. 

Agustin Valdivia zinegotziak hainbat datu zehatz plazaratu zituen. Esaterako, jakinarazi zuen ekimena antolatzeko aurrekontua 7.320 eurokoa izan dela, eta azken urteetan egin legez, Artelatz enpresari eman zaiola Mugikortasun Astea antolatzeko ardura. Bertan sartzen dira baita ere herriko 7.000 etxetara bidali diren orri informatiboak eta ekintzak iragartzen dituzten bi kartel desberdinen diseinua. 

Mugikortasun jasangarria sustatzea xede

Europa mailako ekimena da Mugikortasun Iraunkorraren Astea, kontinenteko ehunka herrialde eta eskualdetan egiten dena. Helburu nagusietako bat da mugikortasun jasangarria sustatzea; beste hitz batzuetan esanda, ibilgailua ordezkatzea oinez, bizikletaz edo garraio publikoan ibiltzeagatik.