Urteroko hitzordua bihurtu da euskal jantzi tradizionalen ikastaroa. Ohi bezala, urrian eta azaroan, ikastaroa bi txandatan egiteko aukera eskaintzen du Ttakunek.
Hilabete hauetako astearte eta ostegunetan izango da hitzordua 15:30etik 17:30era bietan. Emakumeen zentroa egiten da ikastaroa eta Ione Artolak gidatzen du.
Urte asko dira Ttakunek ikastaro hau antolatzen duela. Parte hartzaile fidelak ere baditu baina antolatzaileek, hauetaz gain, jende gaztea erakarri nahi dute.
Ttakuneko Naiara Mujikak azaltzen duenez, oso polita da ikasleen aurrerapenak eta lanak saiotik saiora ikustea. “Orain arteko parte hartzaile gehienak josten moldatu izan dira baina egon dira ere botoi bat justu-justu josten zekitenak”.
Ikastaroa bukatzean, “denek jantzi dotoreak erakusten dituzte”. Mujikak azpimarratzen du, lan taldeetan oso giro ona sortzen dela eta horregatik ere asko direla urtetik urtera edota lekua izatekotan, bi ikastaroak jarraian egiten dituzten herritarrak.
“Hala ere, aitortu behar da gizonik ez dela animatu hau egitera eta gazte jendea ere gutxi etorri dela. Aurten gustatuko litzaiguke mutilak eta gazteak animatzea”.
Irakaslearen laguntza
Baserritar jantzia egiteko oihalen aukeraketan laguntza ere badute ikasleek “irakasleaz gain, taldean lan egiten denez, kideen artean laguntzea ere ohikoa da”.
“Joskintzan lehen urratsak emateko aitzakia polita da” dio Mujikak, “asko ikasten da eta gainera bukaeran, asteroko lanaren emaitza ikusteko aukera du ikasle bakoitzak”.
Aipatu behar da ikasleek erabakitzen dutela zein jantzi egin “batzuek eurentzako jantzia egiten dute eta beste batzuek berriz, seme-alaba edota bilobentzat. Trebeziaren arabera, ikastaroan denbora emango die jantzi osoa egitea edota pieza bakarra, alkandora, gona...”.
Izena eman
Dagoeneko izena emateko aukera dago Ttakuneko bulegoan. Elkarteko bazkideek 22 euro eta ez bazkideek 25 euro ordaindu beharko dituzte.
Informazio gehiago eskuratu edota izena emateko, 943 371 448 zenbakira dei daiteke.