Hiru eguneko festa asteburua

Txintxarri Aldizkaria 2016ko irailaren 11

Jai giroan igaro du herriko 'Virgen de Guadalupe' Extremeña Elkarteak asteburua, Guadalupeko Ama Birjinaren omenez. Ostiralean hasi zituzten festak eta adin, zein gustu guztietarako ekintzez gozatzeko aukera izan da ositraletik igandera bitarte.

Festa giroan igaro du herriko 'Virgen de Guadalupe' Extremeña Elkarteak asteburua. Ostiraleko bandera igotzearekin batera hasi zituzten festak eta hiru eguneko jai egitarau zabala izan da Sasoeta auzoan. Askotariko gustu eta adinetako herritarrei zuzendutako ekintzetan parte hartzeko aukera atsegina izan da. Ostiralean, afari herrikoia antolatu zuten eta Rock gaua izan zen, Zen, Desembragadores eta herriko taldeen eskutik. Larunbatean aldiz,  eguerdiko 12:00etan, 'Ecos de Monfragüe' abeslari eta musiko taldeak lagunduta, Guadalupeko Ama Birjinaren omenezko meza egin zen, 'Virgen de Guadalupe' egoitzan bertan. Aurretik, etxeko txikienen txanda izan zen. Haur-jolasak izan zituzten goizeko 11:00etan hasi eta arratsaldeko 17:00ak bitartean. Arrautza- jokoan, aulki-lasterketan, lokotx bilketan eta sokatiran aritu ziren, besteak beste, Jaizkibel Plazan bildutako haur eta gazteak. Goizeko ekitaldien ondoren, indarrak berreskuratzeko asmoz, bazkari herrikoia egin zuten arratsaldeko ekintzekin hasi aurretik. 16:00retan, Nilson Olivaresek zuzendutako Karaoke saioan aritu ziren bertaratutakoak eta Mus Txapelketa ere antolatu zuten, mahai-joko zaletuentzat. Bigarren festa egunari agurra emateko, Iruñeako 'Raices y Brotes' taldeak musika eta dantza emanaldia eskaini zuen, iluntzeko 19:00etan eta elkarteko kideen arteko afari eder baten ostean, salsa, merenge eta pasodoble doinuak dantzatzeko aukera izan zen gauean. Gaur ere, festaz gozatzeko aitzakiarik ez da falta izan, Sasoetan. Bezperako parrandatik errekuperatzeko goiza libre hartuta, eguerdian, 13:00etan, 'Zambra' taldeak, kontzertua eskaini du Jaizkibel Plazan. Herri-bazkaria izan da ondoren eta asteburuari agur esan aurretik, iluntzerako, bola-joko txapelketa antolatu dute.