Kultur Kale Zikloa agurtzeko musika emanaldia

Txintxarri Aldizkaria 2016ko ira. 10a, 22:36

Uztailaz geroztik, kultur ekitaldiak deszentralizatu asmoz, zazpi kontzertu eskaini dira Lasarte-Oriako hainbat auzoetan. Gaurkoan, Hugo Silveira eta Naldo Gomes musikariak aritu dira, Atsobakar auzoan.

Lasarte-Oriako Udalak eta Xpressionk Kultur Elkarteak elkarlanean antolaturiko Kultur Kale Zikloaren baitan, gaur, iluntzean izan da aurtengo edizioko azkeneko musika emanaldia. Hugo Silveira eta Naldo Gomes musikari brasildarrek elkarrekin eskainitako kontzertuak agurtu du aurtengo emanaldien egitaraua. Gaurkoa, Kultur Kale Zikloko zazpigarren kontzertua izan da eta Atsobakar auzoan eskaini dute musika emanaldia. Iluntzeko 20:00etan hasi eta kutsu brasildarreko hainbat doinu eskaini dizkiete bertaratutako ikusleei; Pop, rock, soul eta funk estiloko abestiak entzun ahal izan dira bertan, giro atsegin batean.  Uztailean eman zitzaion hasiera ekimenari eta orduaz geroztik, udara osoan zehar izan dira musika emanaldiak Lasarte-Orian. Herriko hainbat auzo eta txokoetan ikusi ahal izan ditugu kontzertuak; Orian, Zumaburun, Okendo Plazan, Tximistarreta parkean eta Urbarten, besteak beste.