Kontxako Banderan aritzea, arraunlari batentzat, atleta batentzat Olinpiar Jokoetan parte hartzea bezala da”. Intza Fernandez arraunlariaren hitzak dira. Horregatik, ez da harritzekoa horren penatuta egotea, aurreko igandeko estropadan ez parte hartzeagatik. Deialditik at geratu zen, entrenatzaileak hala erabakita: “Momentuan oso triste geratu nintzen, baina berehala txipa aldatu eta ahal nuen guztia egin nuen taldeari laguntzeko: irabiakiak prestatu, animoak eman... Igandean arraunean egin izan edo ez, denok osatzen dugu taldea”.
Kontxako Banderako lehenengo estropada ez zitzaion batere gaizki joan Getaria-Zarautz taldeari. 11:05.44ko denbora eginda, laugarren postua eskuratu eta igande honetan ohorezko txandan ariko da, San Juan, Hibaika eta Oriorekin batera. “Donostiaren [Arraun Lagunak] aurretik geratzea zen gure helburua; Gipuzkoako Ligan borrokan ibili gara azken jardunaldira arte, eta azkenean eurak 4. izan dira, eta 5. gu”, azaltzen du Intzak.
Joan den osteguneko sailkapen estropadan bosgarren denbora onena egin zuen Getaria-Zarautzek. “Marka hori eskuetan hartuta, aurreko iganderako helburua zen bosgarren postu hori mantentzea, ez genuen espero Caboren aurretik geratzea, baina lortu genuen; orain, maila mantendu behar dugu, atzetik dauzkagun taldeek aurrera ez gaitzaten”.
Igande honetan arraunean aritzeko itxaropena du Intzak: “Denboraldi ia osoan zehar titular gisa aritu naiz. Ea igande honetan parte hartzeko aukera daukadan; entrenatzaileak estropada egunean bertan esan ohi du nortzuk ariko diren”.
Helburua argi dute: laugarren postuari eustea Kontxan. "Beste taldeen denbora-erreferentziak jakingo ditugu gu uretara atera aurretik; abantaila da hori guretzat. Bestalde, hiru talde oso indartsurekin batera aritzeak eragingo du guk gure onena eman behar izatea". Baikor dago herritarra: "Atzetik datozen taldeek dena emango dute baita ere, baina uste dut asteburu ona izango dela guretzat".
Denboraldia, bukatzear
Kontxako Banderako bigarren estropadarekin bukatuko da aurtengo denboraldia. Gipuzkoako Ligan aritu da Getaria-Zarautz: 62 punturekin, bosgarren postuan geratu da. Beste konpetizio bat ere badago, Euskotren Liga: sailkapen-fase bat jokatzen da, eta lau talde bizkorrenak sailkatzen dira. Getaria-Zarautz ez da egon horien artean. "Euskotren ligan aritzen diren taldeek estropada gehiago jokatzen dituzte urtean zehar, eta gehiago arraunean eginda iristen dira Kontxara; sailkatzen ez garenok, dena den, Gipuzkoako Liga daukagu gutxienez".
Helburu hori lortu ez badute ere, sasoian zehar erdietsi dituzte emaitza aipagarriak. Esaterako, uztailaren 30ean Zumaian jokatutako Gipuzkoako Ligaren bederatzigarren jardunaldia irabazi zuten.
Azarora arteko atsedena
Igandean aritu eta gero, atsedena, azarora arte. Deskantsatu bai, baina erlaxatu ez, Intzak aipatzen duenez: “Entrenamenduetara ez gara itzuliko hemendik bi hilabetera arte, baina tarte horretan kontrolatu egin behar dut pisua, eta ariketa egin, lehenengo egunean hutsetik hasi behar ez izateko”.
Astero sei egunetan entrenatzen dute. Neguan zehar, gehienbat alor fisikoa lantzen dute: pesak gimnasioan, korrikaldiak, ergometroan hainbat serie...eta uretara asteburuetan. Gero, behin konpetitzen hasitakoan, egunero-egunero egiten dituzte saioak uretan.
“Kirol gogorra da, denbora asko kentzen dizu: ez daukat denbora libre askorik, baina argi daukat datorren denboraldian arraunean jarraitu nahi dudala. Edukiko dut denbora aurrerago lagunekin egon eta beste plan batzuk egiteko”, dio herritar gazteak.
Astean zehar ordu asko igarotzen dituzte taldekideek elkarrekin, eta horrek laguntzen du giro ona sortzen. Intzaren aburuz, “funtsezkoa” da hori, gero nabaritu egiten baita uretan.
Bost urtez arraunean
Aurtengoarekin, bost denboraldi dira herritarra arraunean hasi zenetik. Getaria-Zarautz taldean bi daramatza. Hamabost urterekin hasi zen, Zarautzen: "Kadetea nintzen, eta bateletan aritzen nintzen; gero, jubeniletara igarotzean, bateletan eta trainerilletan, eta orduan atera genuen trainerua ere lehenengoz, Tolosarekin batera".
Urtebetez aritu ziren Zarautz eta Tolosako arraunlariak elkarrekin. Ondoren, Zarautz taldeko sei-zazpi kide -Intza tartean- traineru gabe geratu ziren, Getariarekin elkartzea erabaki arte. "Jakin genuen Getaria arraunlari bila zebilela, eta haiekin elkartu ginen". Batera jarraitzen dute gaur egun ere.
Bost urte horietan, Intzak nabaritu du eboluzio bat arraunlari gisara: “Mentalitatean nabaritu dut aldaketa, beste txip batekin hartzen dut orain arrauna: dena eman eta arraunlari gisa hobetu nahi dut. Gainera, fisikoan ere nabaritu dut garapena; fondo gehiago daukat orain”.
Atzo ikasturte berri bati ekin zion Intzak, Gasteizen. “Ongi” moldatzen da ikasketak eta arrauna uztartzeko: “Astean zehar Gasteizen aritzen naiz, entrenatzaileak bidalitako plangintza jarraituz: klasetik irten, eta entrenatzera. Asteburuetan, itzuli eta taldekideekin aritzen naiz”.
Emakumeen arrauna gora egiten ari dela dio herritarrak: "Telebistan ikusi daitezke gure estropadak, apustu egin daiteke baita ere...". Dena den, desberdintasunak oraindik agerikoak direla ere zehazten du: “Laguntzak ematerako orduan, gizonezkoek edukitzen dute lehentasuna, eta emakumezkoek baino gehiago kobratzen dute; dena den, ni ez naiz diruagatik aritzen arraunean, pasioagatik baizik".