Manuel Lekuona eta Gaztelekuko ikastaro berrietan izena emateko aukera astelehenenan zabalduko da. Kultur etxean jarreren heziketa, olio eta pintura, joskintza, literatura tailerra, arropen konponketa eta moldaketa, akuarela, irriterapia eta sabel dantzan aritzeko aukera izango da. Hauetako batzuk aurreko ikasturtean egin ziren, harrera onarekin.
Ikastaro bakoitzaren ordutegia eta egutegia finkatuta daude dagoeneko, denak arratsaldez, eta hori bai, denak urrian jarriko dira martxan. Jarreren heziketa, olio eta pintura, joskintza eta literatura tailerraren kasuan, ikasturte osorako ikastaroak izango dira. Besteak berriz, arropen konponketa eta moldaketa, akuarela, risoterapia eta sabel dantza, abendura bitartean egingo dira.
Ohi bezala, herritarrentzat prezio bat eta herrian erroldatuta ez daudenentzat beste bat izango da.
Ikastaro hauek helduentzat dira eta taldeetan erabiliko den hizkuntza, ikasleen euskararen ezagutzan oinarritutako metodologia baten arabera definituko dela azpimarratzen du Udalak.
Gaztelekua
Gazteek berriz, Gaztelekuko ikastaroez gozatu ahal izango dute. Hauetan izena emateko epea bera izango da, irailaren 12tik 23ra Gaztelekuan. Gitarra, perkusioa, break dance eta shuffle eta dance hall egiteko aukera izango da. Ikastaroak 12 eta 30 urte bitartekoei zuzenduta daude eta ikastaro guztiak euskaraz eskainiko dira. Kasu honetan, ikastaro guztiak abendura bitartekoak izango dira asteazken, ostegun edota ostiral arratsaldetan. Hauetan parte hartzera deitzen ditu Udalak herritarrak.