Herriko 109 familiak 5.852 kilo janari jaso dituzte

Txintxarri Aldizkaria 2016ko martxoaren 31

Kalteberatasun egoeran dauden familiei zuzendutako bigarren janari banaketa burutu zuten Udalak eta Gurutze Gorriko boluntario talde batek, martxoaren 14tik 18ra bitartean. Denera 5.852 kilo janari jaso zituzten herriko 109 familiak. Hirugarrena maiatzean egingo dutela aurreratu dute antolatzaileek.

Kalteberatasun egoeran dauden herriko 242 pertsonak osatutako 109 familiak 5.852 kilo janari jaso zituzten martxoaren 14tik 18ra bitartean, Udalak eta Gurutze Gorriko boluntario talde batek elkarlanean egindako bigarren janari banaketan. Pertsona Behartsuenei Laguntzeko Europako Funtsarekin kudeatu zituzten elikagaiak antolatzaileek. Hirugarren banaketa maiatzerako aurreikusi dute.

Bi adin-tarteko pertsonek jaso zituzten elikagaiak. Bi urte baino gutxiagoko haurrentzat zerealak, esne-hautsa eta pure-potoak eman zizkieten familiei. Adin horretatik gorakoentzat beste hainbat banatu zituzten: oliba-olioa, lekaleak, arroz zuria, atun- eta fruta-kontserbak, barazki-purea, gailetak, pasta, esne osoa eta kontserbako tomate frijitua.

Banaketako onuradun izateko irizpideak

Familiek eskaerak egin ostean, gizarte langileek balorazioa egin zuten, bi irizpideri jarraiki: batetik, beharrezkoa da kalteberatasun egoeran egotea, eta, bestetik, aldeko txosten sozial bat eduki behar da. Ariketa hori egin ostean, 109 familia izan dira onuradunak.

Horietatik hogei kide bakarrekoak izan dira; 39, bikoak; hiru kideko 28k ere jaso dituzte elikagaiak; lau kideko bostek ere bai; bost kidekoak hiru izan dira, eta zazpi kidekoa horietako bat.

Maiatzeko janari-banaketako onuradun izan nahi duten familiek Udaletxeko erregistrora jo beharko dute, eta eskaera egin, horretarako prestatutako orri orokorra betez.