Gaztelekuan 12 eta 30 urte bitarteko herritarrentzat 6 ikastaro eskainiko dira: Gitarra, Break Dance, Dance Hall, Sushi Prestaketa, Pintxoen Prestaketa eta Arteterapia.
Gitarra, Break dance eta Dance Hall ikastaroek apiriletik ekainera arteko iraupena izango dute. Astero saio bat izango da eta honakoak dira ordutegiak: Gitarra, asteazkenero 18:00etatik 20:00etara; Break Dance, ostegunero 18:00etatik 20:00etara eta Dance Hall, ostiralero 18:00etatik 20:00etara.
Sushi eta pintxo prestaketa ikastaroak egun batekoak izango dira. Honela maiatzaren 12an, 17:00etatik 20:00etara, sushia nola egin ikasi ahalko dute gazteek eta ekainaren 9an, ordutegi berdinean, berriz, pintxoak.
Arteterapiari dagokionez, apirileko bi ostiraletan izango dira saioak, 23an eta 30ean eta goizez 11:00etatik 13:00etara.
Udalak jakitera eman duenez, ikastaroak institutuetan egindako inkesta batzuetatik atera emaitzen arabera aukeratu dira.
Helduak
Bestalde, Manuel Lekuona kultur etxeak ere helduei zuzendutako sei ikastaro aurkeztu ditu: Meditazioa, Bizkarreko Mantenimendua, Coaching Familiarra, Olio eta Pintura, Pintxoen prestaketa eta Latin Jazz Dantza.
Astean behin apirilean hasi eta ekainean amaituko dira tailer hauetako saioak. Ordutegiei dagokionez, meditazioa, astelenero 17:00etatik 19:00etara egingo da; Coaching Familiarra, astelehenero 19:15etatik 21:15etara; Olio eta Pintura, asteartero 18:00etatik 20:00etara; Bizkarreko Mantenimendu tailerra asteartero izango du saioa 19:45etatik 21:15etara; asteazkenero 18:30etatik 20:30etara pintxoak egiten ikasteko aukera izango da eta ostegunero Latin Jazz dantzari esker gorputza astindu ahalko da, 10:30etatik 12:00etara.
Izena ematea
Informazio gehiago jasotzeko edo inskripzioa egiteko, 12 eta 30 urte bitarteko gazteek Gaztelekura joan behar dute eta helduek, berriz, Manuel Lekuona Kultur etxera. Izena emate epea martxoaren 29an, asteartea, ireki eta apirilaren 7an, osteguna, itxiko da.
Honetaz gain, Udalak azpimarratu duenez, parte-hartzaileen hizkuntzazko gaitasunak ezarriko du ikastaroak zein hizkuntzatan emango diren.