Meritxell Izagirre herritarra, Europako laugarren

Txintxarri Aldizkaria 2016ko martxoaren 22a

Ampuria Bravan (Katalunia) aritu da lehian Meritxell Izagirre, Europako dardo txapelketan. Bakarka aritu da, kriket modalitatean: laugarren postua eskuratu du, eta, finalaren atarian geratu arren, "oso pozik" dago erakutsi duen mailarekin.

Duela lauzpabost urte murgildu zen Meritxell Izagirre dardoen munduan, "lagun bati esker". Izugarria izan da bilakaera ordutik: Europako laugarren geratu zen iragan asteburuan; bakarka aritu zen, kriket modalitatean, Ampuria Bravan (Katalunia). "Txapelketan ongi pasatzeko helburuarekin nindoan: gutxitan ikusten dudan jendearekin elkartu eta gure zaletasunaz –dardoez– gozatzeko", dio Izagirrek. "Maila oso altua zegoen Europakoan, eta, finalaren atarian geratu arren, laugarren postua oso garrantzitsua izan da niretzat", gaineratu du.

Urtean zehar, Lasarte-Orian aritzen da dardoetan Izagirre. "Liga modalitate ugari ditugu: bakarka, binaka, taldekakoa... Egia esan, denetara apuntatzen gara; afizio handia dugu", onartzen du herritarrak. Taldekide bat txapeldun izan zen Guadalajaran (Madril) pasa den urteko abenduan, eta horri esker eduki dute aukera Europako txapelketara joateko. 

Bakarkako modalitatean aritu da Izagirre, kriketean. Liga bat jokatu du urtean zehar: amaieran, jokalari bakoitzak batez besteko bat eduki ohi du: hori hartzen da aintzat Europakora joateko. 

Gipuzkoako txapelketa palmaresean

Meritxell Izagirreren taldeak Gipuzkoako txapelketa poltsikoratu zuen duela bi urte. Sari gisara, Santiago de Compostelara joan ziren bidaian. 

Beste zenbait garaipen ere erdietsi ditu. Esaterako, joan den hilabetean irabazi zuen, bakarkako ligan. Joko-modalitate desberdinetan aritzen dira horretan.

Arestian esan bezala, ahal duen liga eta joko-mota guztietan ematen du izena herritarrak. Momentu honetan, mutilarekin batera, bikotekako liga batean ari da jokatzen. Irabaziz gero, uztailean Aginagan jokatuko den txapelketan hartuko dute parte. Bakarkako batean ere ari da; desberdina da joko-sistema: "Birtuala bilakatzen da bakarkako liga; hots, jokalari bakoitzak bospasei egunetan jokatzen ditu partidak, ahal duenean, eta aurkariak ere bai. Ordutegi eta egun zehatzik ez dago horietan aritzeko", zehazten du. Sei egun horiek igarotzen direnean, batez besteko puntuazioa hartzen da aintzat; irabazleak puntuak pilatzen ditu. "Sistema horrekin, lana dela-eta ordutegi arazoak dituen jendeari ere ematen zaio aukera jokatzeko". 

Astebururo dardo-jokoan

Duela lauzpabost urte hasi zen dardoetan jokatzen Meritxell Izagirre. Ordutik, ez da geratu: "Asteburu guztietan jokatzen ditugu partidak, Lasarte-Orian edota Gipuzkoa osoan". 

"Mundu guztia animatzen dut kirol hau –dardoak– probatzera: jende asko ezagutu daiteke, eta dardoak gustatuz gero, aukera asko dituzu jokatu bitartean ongi pasa eta disfrutatzeko", aipatzen du herritarrak.