Buruntzazpiko juniorrek erakustaldia eman zuten Azpeitin jokatutako XXXV. Loiola sarian: taldekako sailkapena irabazi zuten, eta mendikoa poltsikoratu zuen Luken Carbayedak. Proba horretan parte hartu zuten hiru txirrindulariak lehenengo hamar sailkatuen artean sartu ziren, gainera: laugarren izan zen Jokin Alberdi –fitxatu berri du taldeak–, zortzigarren Luken Carbayeda eta hamargarren Oier Urbizu. Hiruak iritsi ziren taldetxo berean, irabazlea helmugaratu eta bi segundora; ordubete, 56 minutu eta bost segundo behar izan zituzten ibilbidea osatzeko.
Sasoi betean dira kategoria horretako txirrindulariak, martxoaren 13ko Juanjo Zabala oroimenezkoan ongi asko erakutsi zutenez: orduko horretan ere podiumeko maila gorenera igo ziren denak, taldekako sailkapena irabazteagatik zegokien garaikurra jasotzera.
Kadete, infantil eta alebinak ere ederki
Zarautzen eragin zieten pedalei kadeteek, larunbat arratsaldean. Manex Altuna izan zen helmuga zeharkatzea lortu zuen taldekide bakarra: meritu handiko hemeretzigarren postua erdietsi zuen.
Infantil eta alebinak Hernanin aritu ziren, eguraldi kaskarrari aurre eginez. Asier Pozo eta Iñaki Errazkin lehenengo eta bigarren izan ziren infantil mailan, hurrenez hurren.