Zubietan errauste planta bat eta TMB tratamendu mekaniko-biologikorako planta bat egin eta kudeatzeko bidea –lehenengo fase horretan 200 milioi euroko inbertsioa egin beharko dela aurreratu dute Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanok eta GFAko Ingurumen Diputatu Jose Ignacio Asensiok; 170 errauste plantarako eta 30 TMBa egiteko– enpresa bati emango dio GHK-k. Partzuergoak 30-35 urtez ordaindu beharko dio gero enpresa horri.
Horretarako, estatutuak aldatu behar izan ditu partzuergoak; atzo arratsaldean egin zuten urgentziazko bilera. Olanok eta Asensiok prentsa agerraldia egin zuten, aldaketaren azalpenak emateko. Ingurumen diputatuak zehaztu zuenez, "eskaintzaile ahaltsuak" espero dituzte. Olanoren hitzetan, "behin betiko konponbidea" emango dio errauste plantak "Gipuzkoako hondakinen auziari".
2016. urtean zehaztu nahi dituzte hainbat kontu, atzoko prentsaurrekoan aditzera eman zutenez: udaberrian zehar eskaintzak jaso nahi dituzte; enpresa udazkenean hautatu nahi dute eta lanak urtea amaitu baino lehen hasi. "Ondoren, 33-36 hilabete beharko dira hondakinak kudeatzeko zentroa abian jartzeko", jakinarazi zuen Asensiok.
Plana "zorpetu gabe" gauzatu
Ingurumen diputatuak atzo esan zuenez, Zubietako errauste planta esku pribatuetan uzteak GHKri ahalbidetuko dio "zorpetu gabe" gauzatzea hondakinak kudeatzeko plana. "Bazkide pribatu batek %100ean finantzatuko du errauste planta, bere arriskupean; trukean, bertan sortzen den energia kudeatuko du". Enpresa horri hilero-hilero ordaindu beharko zaio, emandako zerbitzuagatik.
GHK partzuergoak hondakinen tratamenduagatik pagatu beharko du; berak eraman beharko ditu Zubietara, bildu ostean. Bazkide pribatu horrek GIpuzkoatik kanpoko hondakinak tratatu edo erre nahiko balitu, partzuergoaren onespena beharko luke hori egin aurretik.
Zubietako errauste plantaren eguneroko kudeaketa esku pribatuetan geratuko bada ere, GHK-k "gertutik" kontrolatuko du hori dena, atzoko prentsaurrekoan Asensiok azaldu zuenez: "Plantaren martxa egokia eta kalitate indizeak hurbiletik aztertuko dira".
40 milioi inguruko zorra dauka GHK partzuergoak. Iazko udazkenean, Aldundiak jakinarazi zuen bere egin behar izan zuela kontsorzioaren zorra.
Olanoren aburuz, "instalazio moderno eta aproposak" izango dira Zubietakoak: "Lurraldearen beharrizanei erantzungo diete". Eragile eta alderdi politiko askok, kontrara, behin eta berriro kritikatu dute egitasmo hori azken urteetan; osasunarentzat izan ditzakeen arriskuez ere ohartarazpenak egin izan dira.
Protesta ekitaldia GFA aurrean, atzo
Hainbat jende bildu zen atzo Diputazioaren egoitzaren aurrean, "GHK ez pribatizatzearen alde eta Zubietako errauste planta kutsakorra hirugarren enpresa baten bidez eraikitzearen kontra".
'Errausketarik ez. Ez Zubietan, ez Añorgan, ez inon' leloko afixa bat hartu zuten esku artean protesta ekitaldira bertaratutakoek.