Senior mailako talde federatuak, helburuetatik gertuago

Txintxarri Aldizkaria 2016ko martxoaren 25a

Denboraldia amaitzeko jardunaldi bat gutxiago, eta helburuak gertuago. Egoera horretan hartu dituzte oporrak areto-futboleko senior mailako talde federatuek: datorren urtean 3. Nazionalean jokatzen segitzeko bidean da Ostadar Antonio Aroztegia; liga horretara igotzeko kanporaketetara sailkatu nahi du ISU Leihoakek; Cecilia Kebab Lasarte Ostadarrek, berriz, Gipuzkoako 1gora igo nahi du.

Garaipen bat eta bi berdinketa. Senior mailako talde federatuen asteburuko uzta. Emaitza horiei esker, bakoitzak gertuago du helburua.

Denboraldia ez da oso samurra izaten ari 3. Nazional mailako Ostadar Antonio Aroztegiarentzat. Urri partean ligari ekin ziotenetik, beheko postuetatik ihes egin nahian ari da Josean Jimenezen taldea. Lortutako emaitzak ez dira proportzionalak izaten ari astebururo kantxan erakutsitako jokoarekiko. Joera hori sasoi hasieran zen nabarmena batez ere; azkeneko jardunaldietan puntu dezente zakuratzen ari dira urdin-beltzak, jaitsiera postuak gero eta urrunago utziz.

22 dituzte sailkapenean. Azkena pasa den asteburuan patrikaratu zuten, Laskorain KEren kontra bana berdinduta, Udal Kiroldegian. Meritu handikoa izan zen berdinketa, kontuan hartuta kategoriako liderraren bisita jaso zuela Ostadarrek. Puntuz puntu eta urratsez urrats, 16/17 denboraldian maila horretan lehiatuko da taldea, ezusteko larririk jazo ezean.

ISU Leihoak sendo hirugarren postuan

Sasoi bikaina burutzen ari da Eneko Molinaren taldea. Sailkapenean islatzen da hori: hirugarren postuan dago ISU Leihoak, 41 punturekin. 20 norgehiagoka jokatu dituzte jada: hamahiru irabazi dituzte, bi berdindu eta bost galdu. 71 gol sartu dituzte, eta 51 jaso. Bigarren itzulia bereziki aipatzekoa izaten ari da: orain arte jokoan izan diren 24 puntuetatik hemeretzi patrikaratu dituzte herritarrek.

Pasa den asteburuan hirugarren postu hori sendotu zuten, Jaixki AFTren kontra 2-3 irabazita. Zuloan sartuta daude lezotarrak, baina gauzak oso zail jarri zizkieten Eneko Molinaren jokalariei. Lau partidu falta dira liga erregularra amaitzeko; hirugarren postuari eutsiz gero, mailaz igotzeko kanporaketetara sailkatuko litzateke ISU, duela bi urte egin bezala. 

Cecilia Kebab Lasarte Ostadar, lider

Azkeneko hilabetean ez du partidurik irabazi Gipuzkoako 2. mailan ari den Cecilia Kebab Lasarte Ostadarrek, baina kategoriako liderra izaten segitzen du. Egia da otsail erdialdean zeukan puntu-koltxoi hori murriztu egin dela -zazpitik hirura-, baina tarte horretan bi partidu galdu eta bat berdindu dutela aintzat hartuta, perspektiba ez da horren negatiboa. 

Estreinakoz ari dira aurten herritarrak maila horretan, eta beste koska bat igotzeko borrokan murgilduta daude erabat. Bolada negatiboa eten eta garaipenaren bidera itzultzeko aukera ederra edukiko dute apirileko bigarren asteburuan: sailkapeneko azken sailkatuaren aurka -Goierri KE- neurtuko dituzte indarrak.

Jubenilak, ikasten

Lasarte Kafe Bar Ostadar jubenil mailako taldearen xede nagusi bat dauka aurten: ikastea. Hainbat zentzutan: jokalarietako askok lehenengo urtea dute aurten taldean, eta baita areto-futbolean ere. Hainbat kontzeptu eta jokamolde berri ari dira barneratzen, baita diziplina horren ezaugarriak ere. Horrekin aski ez, eta astebururo konpetitu behar dute. Ez doakie batere gaizki: hamabi taldek osatzen dute jubenilen liga; zazpigarren postuan daude urdin-beltzak, hamazazpi punturekin.

Oporren aurreko jardunaldian jipoia jaso zuen taldeak: 11-3 galdu zuen Zarautzen kontra. Mikel Escribano eta Imanol Azkueren mutilek, ordea, ez dute jaitsiko burua: galtzen denean ere gauza asko ikas daitezkeela ondotxo dakite, sasoi honetan behin eta berriro erakutsi dutenez.