Aste Santuko ospakizun jendetsuak

Txintxarri Aldizkaria 2016ko martxoaren 27a

Egunotan Jesusen azken egunak ekarri dituzte gogora herriko elizbarrutiek; hainbat ekintza burutu dituzte horretarako. Gaur bukatu dira, Pazko Igandean: Jesusen berpizkundea gogorarazi dute Brigitarren komentuan eta Arantzazuko Ama zein San Pedro parrokietan. Lasarteoriatar ugarik oporretara joateko baliatzen dituzte egun hauek, baina hala ere jendetsuak izan dira ospakizunak.

Jesusen berpizkundean gogora ekarriz amaitu dira aurtengo Aste Santuko ospakizunak, herriko elizbarrutietan. Meza elebidunak burutu dituzte Brigitarren komentuan eta Arantzazuko Ama zein San Pedro parrokietan. Herritar ugari gerturatu dira horietara.

Atzoko egunean zehar, Pazko bijiliak egin ziren Brigitarren komentuan eta Arantzazuko Ama elizan. 

Gurutze bideak Ostiral Santuan

Jesusen 'Via Crucis'-a gogoratu zuten herritarrek ostiralean. San Pedro parrokiakoak izan ziren goiztiarrenak: 8:00etan hasi zuten ibilbidea, Sausta baserri pareko aldare txikira iritsi arte. Eguraldi kaskarrari aurre eginez -hotza eta euria izan ziren protagonista goiz osoan zehar-, lasarteoriatar andana animatu zen gurutze bidea egitera.

Arantzazuko Ama elizakoak Azkortera joatekoak ziren, baina aipatutako baldintza klimatologikoak tarteko, ospakizuna parrokian bertan egitea erabaki zuten azkenean. 

Ostegun Santu arratsaldeko Meza Nagusiekin Jesusek apostuluekin batera egindako azken afaria oroitu zuten herritarrek.

Egutegian gorriz ageri diren egun hauek oporretara joateko baliatzen dituzte lasarteoriatar askok. Hala ere, jendetsuak izan dira aurtengo Aste Santuko ospakizunak. 

Egun hauetako ekitaldietako irudiak bildu eta argazki galeria osatu dugu: http://txintxarri.eus/galeria/763/