Kiroldegirako material berria erosi du Udalak

Txintxarri Aldizkaria 2016ko martxoaren 14a

Kardioa eta muskulazioa lantzeko material berria erosi du Lasarte-Oriako Udalak, kiroldegirako. “Erabiltzaileek egindako eskaera bati erantzuna eman nahi diogu erosketa horrekin”, adierazi du alkatetzak. “Herritarrek makina gehiago erabili ahal izango dituzte instalazio horietan”, gaineratu dute.

Makina horiek “era egokian” erabiltzeko, kirol-aholkularitza zerbitzua eskaintzen du Kiroldegiak. Monitore bat arduratzen da horri buruz, astean hiru egunetan: astelehen, asteazken eta ostegunetan. Ordubetez egiten du lan, 19:00etatik 20:00etara.

Materiala era apropos batean erabiltzen irakasteaz gain, erabiltzaileek hala eskatzen badute, entrenamendu-plan pertsonalizatuak ere prestatzen ditu irakasleak, norberaren beharren araberakoak. Zerbitzu horri buruzko informazio gehiago nahi duenak, Kiroldegiko idazkaritzan galdetu beharko du. 

Erabilera arauak

Udalak gogorarazten die erabiltzaileei badaudela zenbait arau Kiroldegiko materiala ahalik eta modu egokienean erabiltzeko: izerdia lehortzeko toaila erabili behar dela, makina bakoitza erabiltzeko gehieneko denbora hogei minutukoa dela, gutxienez hamasei urte eduki behar direla gela horietan sartzeko eta entrenamendua amaitu ostean jaso egin behar dela erabilitako material guztia.