Aste Santua dela eta, Antzerkiaren Eguna hilaren 19an ospatuko da Lasarte-Orian. Egun osoko egitaraua antolatu du Kukukak.
Bi bloketan banatu dute Antzerki Topaketa. Goizez antzerki tailerra egingo da, eta maratoia arratsaldez.
Antzerki tailerra
Haur eta helduei zuzendutako ekintzak irekiko ditu topaketak.
11:00etatik 13:00etara egingo da antzerki tailerra Sasoeta ikastetxeko gimnasioan. Parte hartu nahi duen edozeinek ditu irekita ateak. Hala ere, ohartarazi dute haurrek nagusi baten laguntza izan beharko dutela.
Izena eman beharko da 655 847 345 telefonoan.
Antzerki maratoia
Eguneko ekintza nagusia arratsaldean zehar egingo dute. Haurrei zuzendutako antzerkia egongo da Manuel Lekuona kultur etxean.
“Kondaira baten truke” antzezlana arratsaldeko 17:00etan hasiko da eta Patata Tropikal antzerki taldearen eskutik dator.
Ondoren, herriko tabernetan egingo dituzte zenbait emanaldi gaua iritsi bitartean.
Abend kafe antzokian Andoaingo Katramila eta Lasarte-Oriako Kukuka antzerki eta dantza eskola arituko dira 18:30etan.
Kale berean, 19:30etan, Telmo eta Haritzek Furia Beltza tabernan ‘Bikarrizketa’ egingo dute.
Elurtza tabernan, kale Nagusian, “Eltxoak” antzeztuko du Amaia Irazabal aktoreak.
Topaketak Jalgi kafe antzokian amaituko dira. Beatriz Egizabal ipuin kontalariak “Baubo” eskainiko die bertaratutakoei, eta Anduriña eta Txefok “Flamenquito” antzeztuko dute.
Taberna batetik bestera kale animazioa egongo dela azaldu dute Kukukako lagunek. Bestalde, emanaldi guztiak doakoak izango dira.