Hilotz: “Euskal metal eszena osasuntsua da”

martin-vicioso 2016ko martxoaren 14a

2012an plazaratu zuen Hilotzek bere lehenengo lana, “Hil ala bizi” maketa. Lau urte beranduago, eta taldean aldaketa ugari eman ostean, “Giza Ankerkeria” kaleratu dute. Wäcken heavy metal jaialdi ospetsuan jo ahal izateko lehiaketan parte hartu zuten Oviedon baina, tamalez, ezin izan zuten finalerako txartela lortu. Mikel Yarza baxujole eta abeslariarekin egon gara Hilotzen gaurkotasunari buruz hizketan.

Hara eta hona dabiltza azkenaldian Hilotzeko kideak. “Giza Ankerkeria” atera berri dute, eta astebururo dute zita Euskal Herriko txokoren batean. Taldekide Mikel Yarza lasarteoriatarrarekin hitz egin du TXINTXARRIk disko  berriari eta beste zenbait konturi buruz.

Disko berria duzue “Giza Ankerkeria”. Nolakoa izan da konposaketa eta grabaketa prozesua?

Aspalditik dator. 2014 urtearen hasieran, maketarekin bi urte eginak genituen eta hainbat kanta borobilduta geneuzkan. Diskoa grabatzeari ekin nahi genion, baina taldekide aldaketak izan genituen eta laukote izatetik hirukote izatera pasa ginen. Denbora horretan konposaketak ere aldatu ditugu, taldekide berriek moldaketak sartu baitituzte.

Pozik lortutako emaitzarekin?

Hainbat aldaketa eta arazo izan ditugula ikusita, bai. Asko lagundu gaituzte gertuko lagun askok, musikan murgilduta daudenak eta ez daudenak. Beraiei esker hein handi batean soinu ona dauka eta oso gustura gaude lortutako emaitzarekin. 

Harrera nahiko ona izan duela dirudi

Bai. Hala ere, oraintxe hasi gara diskoa zabaltzen, eta hedabideei dagokienez denbora pixka bat beharko dugu erantzun zabalagoa jaso ahal izateko. Kontzertu batzuk eman ditugu, eta diskoa jaso duen jendeak, behintzat, ondo hartu du.

‘Ankerkeria’ abestia hiru zatitan banatu duzue. Diskoan kontakizuna ere agertzen da. Disko kontzeptualarekin jolastu duzue.

Bai. Diskoarekin hasi ginenean ez genion irudi orokorra eman. Baina lanketak aurrera zihoan heinean hiru abestien arteko segida egiteko ideia sortu zen. 

Kontzeptua landu genuen hortik aurrera, eta gizartearen analisia egin dugu zibilizazioarekin erlaziorik izan ez duen gizaki baten begien bitartez. Gure mundua ezagutzen du, eta gure jarduna eta bizimoduaren azterketa egiten du.

Heriotza izan zenuten gai nagusia aurreko lanean. Gizartearen dekadentzia oraingoan

Maketa gure lehenengo ekarpena zenez, kontzeptu aldetik mugatuagoa zela esan liteke. Beti kokatu ditugu gure abestiak testuinguru sozial batean, baina orain fronte gehiagotara zabaldu dugu eta botere erlazioak eta gure artean nola funzionatzen dugun aztertu dugu. Radiografia negatibo hori ikus daiteke.

Mezuari garrantzia ematen diozue?

Benetan mugitzen gaituena musika da, baina letrak ere landu behar ditugu. Errealitateak kezkatzen gaitu eta hitzak badira gure hausnarketak egin eta zabaltzeko tresna.

Thrash eta death estiloak jorratzen dituzue, baina doinu progresiboak tartekatu dituzue oraingoan, ez?

Hitzekin gertatu den moduan, saiatu gara estiloa bera zabaltzen. Maketako kantak gure lehen konposaketak izanik xumeagoak ziren. 

Musikari bezala gure abilezia garatzen joan gara, eta beste gauza batzuk egitea ahalbidetu du. Musika estilo ezberdinak, ez bakarrik metala, gustatzen zaizkigu. Aniztasun horrek, gerora, lan aberatsagoa egitera eraman zaitzake. Talde progresiboak gustuko ditugu, eta estilo bakoitzetik interesgarriena hartzen saiatzen gara.

Diskoaren azala nork egin du?

Iñigo Mugerzak. Bizkaitarra da bera. Maketako azala hark egin zuen. Egin zuen lanarekin pozik geratu ginen, eta oraingoan ere hari egin genion eskaera. Normalean atmosfera ilunekin egiten du lan. Oraingoan, berriz, eskatu genion beste motatakoa egiteko, fisikoagoa agian. Harentzat ere erronka izan da.

Autoekoiztutako diskoa da.

Estudio batera joateak presio handiagoa suposatzen du. Ordu aldetik mugatzen zaituzte, eta diru inbertsio handia da. Ezagutzen ez zaituen norbaitekin lan egiteak ere denborari dagokionez oztopoa izan daiteke.

Ez dugu inongo erakunderen edo entitateren babesik jasotzen diskoa aurrera eraman ahal izateko eta, beraz, erabaki genuen gertuko lagunekin egitea. Ander Zubillagarekin grabatu genituen bateriak Tolosan, maketa egin genuen lagun berberarekin. Gitarrak Borja Mintegiagarekin egin genituen Lezoko bere estudioan. 

Nola ikusten duzue euskal heavy metal eszena?

Esango nuke osasuntsua dela. Talde asko daude eta estilo askotakoak gainera. Baliteke heavy klasikoan gabezia egotea. Su Ta Gar eta beste talde arrakastatsuak badaude edo egon ziren, baina gaur egun ez hainbeste. Aipatuko nituzke, esaterako, Numen, Gabezia lasarteoriatarrak, Bullets Of Misery bizkaitarrak edo metal klasikoa egiten duten Evil Killer iruindarrak. Nire ustez, maila handia dago.

Kontzertuei dagokienez osasuntsua da eszena?

Talde txikien mugimendua ez du jende hainbestek babesten. Eskaintza badago, baina eskaria agian ez. Ohitura bada Iron Maiden edo ACDC bezalako taldeak datozenean kontzertuetara joateko, baina astebururo tabernetan eta gaztetxetan egiten diren saioetara ez da hainbeste jende hurbiltzen. 

Tolosan entseatzen duzue gaur egun. Taldeek zaila izaten dute praktikatzeko lokalak aurkitzea?

Horri dagokionez, guk zortea eduki dugu. Lehen Donostian aritzen ginen, baina Etxahun baterijoleak Tolosako Zesuma taldean jotzen du eta bertan du ekipoa. Bertako Udalak kudatzen du, eta egoera onean dago. 

Dena den, badakigu inguruko talde askok arazoak dituztela lokalak topatzeko. Donostian zer esanik ez, eta Lasarte-Orian ere ez da erraza izaten. Parapetoa utzi genuen utzita zegoelako. Gaztelekuan bada aukera, baina oso mugatua da denbora aldetik, eta gela gutxi daude talde askorentzat.

Bestalde, Euskal Herrian kontzertu ugari eman behar dituzue datozen hilabetetan. Zer moduz aurkezpen bira?

Kontzertu batzuk egin ditugu dagoeneko. Angelus Apatridarekin aritu ginen Dokan eta Hondarribian Anestesiarekin, esaterako. Diskoak iritsi gabe ziren oraindik, eta alde horretatik pena hartu genuen. Izan ere, ikusle askoren aurrean aritzea aukera bikaina zen guretzat diskoaren aurkezpenari begira.

Nabari dugu laukote gisa hainbeste kontzertu ez ditugula eman. Hirukote moduan, nire ustez, lanketa dugu egiteko oraindik, baina gustura ibili gara, dena den.

Lasarte-Orian aurkeztuko duzue diskoa?

Ez dugu ezer zehaztu, baina gustatuko litzaiguke. Polita izaten da festetan jotzea, esaterako. Nire ustez, zaila da Lasarte-Orian kontzertuak lotzea. Elebeltz dago, alde batetik, baina Udalak bere aurka hasitako prozeduraren ondorioz ez dakigu zer gertatuko den. Taberna gehienak, bestetik, nahiko txikiak dira, eta egoera duin batean jo ahal izateko ez dute ematen.

Nahiko genuke, hala ere, herrian aurkeztu. Jendeak diskoa entzun eta ezagutzeko aukera paregabea izaten da eta.

Ez duzue Wacken jaialdian jotzeko txartela irabazi. Nola baloratzen duzue esperientzia?

Oso esperientzia positiboa izan da. Finalera sailkatzea oso zaila zen, izan ere, oso maila altuko taldeek hartzen zuten parte. Estatu mailako txapelketa zen. Gehienek oso ondo zekizkiten txapelketaren nondik norakoak eta prest zeuden. 

Hala ere, azpimarratu nahiko nuke aberasgarriena guretzat harreman berriak egitea eta taldeak ezagutzea zela. Horien bitartez, etorkizunean kontzertu gehiago antolatzeko aukera izango dugu Euskal Herritik kanpora. 

Disko berriko abestiek osatzen dute oraingo kontzertuetako errepertorioa?

Abesti berriak aurkezteko dauzkagu. Disko osoa jotzen dugu eta maketako bizpahiru kantekin borobiltzen dugu kontzertua, hasierako grabazio horiek ere mantentzeko. Hala ere, muturrekoenak sartzen ditugu. Izan ere, estiloa gogortu dugula uste dut, eta hasierako abesti batzuek ikuskizunaren intentsitatea jaitsi dezakete.

Maketako abestiak eskatzen dizkigute batzuek oraindik. Berriatuan adibidez eske geratu zen baten bat. Agian gehiago jo beharko ditugu. Egia da diskoak bidea egin arte, dauzkagun zaleek hasierako kantak ezagutzen dituztela.