Aste Santua ate joka dugu. Ikasturtean bi asteko etena dute etxeko txiki eta gazteek. Baina hauek igaro eta udako oporraldietan pentsatzen hasiko dira. Hori dela eta, Ttakun kultur elkarteak Udalaren laguntzaz, LH4-6 mailako eta DBHko gaztetxoei zuzendutako uztaileko eskaintza aurkeztu du.
Kirola, jokoak, eskulanak, bibak... jarduera ugari egin ahalko dituzte hauetan.
Aterpetxeak
Araba aldera egingo dute aurten ere LHko gaztetxoek.
LH3-4ko laguntxoek uztailaren 18tik 24ra Albenizeko aterpetxean izango dute abentura ederra.
LH5 eta LH6 mailakoek, berriz, uztailaren 5etik 16ra Donemiliagan lagunekin hamaika joko eta bihurrikeri egiteko aukera izango dute.
Udako Txokoekin batu
Gainera Donemiliaga eta Albenizera joaten diren laguntxoek haien oporraldia Udako Txokoekin uztartzeko aukera ere badute.
Donemiliagan lagun berriak egin ostean, Udako Txokoetan hauekin jolasten jarraitzeko aukera dute LHko zaharrenek.
LH3 eta 4koek Udako Txokoetatik udaleku itxietako jardunera egingo dute salto eta Txokoetako azken festan ere parte hartu ahalko dute.
KTG kanpaldiak
DBHko lagunek esperientzia berriak bizitzeko aukerak izango dituzte KTGko kanpaldi ibiltariei esker.
Eusko Western kanpaldian DBH1-2 mailako gazteak Bizkaia aldera joan dira kostatik. Kanpaldia uztailaren 9tik 16ra izango da.
Zaharrenek DBH3 eta 4 mailakoek Iparraldera egingo dute Mugarik Gabeko kanpaldian. Hauek uztailaren 17an aterako eta 29an bueltatuko dira etxera.
Izena ematea
Oporraldi hauetako izena ematea gaur irekiko da lehentasuna duten gazteentzat. Hau da, Ttakuneko bazkidea, iaz hauetako oporraldiren batean izandako gaztea, Gazte Klubeko kidea eta Kuadrillategiko kidea izan behar da.
Gainerako gazteek Aste Santuen ostean, apirilaren 4tik aurrera egin ahalko dute inskripzioa. Maiatzaren 5a izango da oporraldi hauetan izena emateko azken eguna.
Inskripzioa egiteko Ttakuneko bulegoan eskuratu ahalko da izena emateko orria.
Honetaz gain, gaztearen NAN eta familia liburuaren kopia ere beharrezkoa da.
Ordainketa
Antolatzaileek azpimarratzen dutenez, plaza ordainketa egitean baieztatuko da eta plazak esleitzeko orduan, hurrenkera kontuan izango da.
Oporraldien ordainketa egiteko bi aukera daude, bata Ttakuneko bulegoan txartelaz egitea edo Kutxabankeko 2095-5048-18-1061552351 kontuan diru-sarrera egitea. Honetan haurraren izena jarri behar da kontzeptuan.
Bilerak
Guraso bilerak ikasturtea amaitzear dagoela egingo dira. Donemiliaga eta Albenizkoak ekainaren 9an eta DBHko kanpaldietakoak ekainaren 17an.
Hauetan egitaraua edo ibilbidea eta eraman beharrezko ekipamendu edo materiala azalduko zaie guztiei.
Aterpetxea edo kanpaldi ibiltaria guztiek primeran igaroko dituzte oporraldiak.