Han eta hemen ibili dira LOKEko judoka gazteak, pasa den asteburuan zehar. Igandean infantilak eta kadeteak aritu ziren, Andoainen. Eskolarteko jardunaldian aritu ziren lehenengoak: horietako bik, Jesus Curielek eta Martin Sebastianek, apirilaren 10ean jokatuko den Gipuzkoako txapelketarako finalerako txartela patrikaratu zuten. Bi judoka horien artekoa izan zen Andoaingo finala: Curielek irabazi zuen.
Kadeteek Gipuzkoako txapelketa jokatu zuten gero. Denera LOKEko zortzi gaztetxo aritu ziren: hiru domina lortu zituzten –zilarrezko bat eta bi brontzezko–. Eneko Eizagirre igo zen podioaren bigarren mailara, eta Florin Condreanu eta Jon Herrero berriz, hirugarrenera. Talib Vergarak brontzeagatiko borrokaldia galdu zuen; Unai Posadak eta Gari Menak txapelketa txukuna egin zuten eta Mikel Lasak eta Alex Saletak ezin izan zuten euren maila onena eman.
Euskadiko txapelketan aritzeko sailkatzea lortu zuten judoka horietako batzuek: Ander Garridok, Florin Condreanuk, Jon Herrerok, Yeray Mendibek eta Eneko Eizagirrek.
Yeray Mendibe Tenerifen
Kanariar Irletako batean –Tenerifen, hain justu– izan zen Yeray Mendibe larunbatean, kadete mailako kopan parte hartzen. Ederki aritu zen judoka gaztea: zazpigarren postuan amaitu zuen txapelketa, bi borrokaldi irabazi eta beste bi galduta.