Lasarte-Oriako ur zikinak Loiolako araztegira

Txintxarri Aldizkaria 2016ko martxoaren 16a

Lasarte-Oriako, Zubietako eta Usurbilgo urak bilduko dituen hodi biltzailea eraikitzeko lanak amaitu dira. Ur zikinak, ondorioz, Loiolako araztegira garraiatuko dituzte. Luze jo du obrak. Izan ere, hamabost urte igaro dira Espainiako Estatuak lanak bere gain hartu zituenetik.

Oria beheak, azkenik, Loiolako araztegira bidaliko ditu bere ur zikinak.

Sei urte igaro dira hodi biltzailea eraikitzen hasi zirenetik, eta hamabost Kantauriko Konfederazio Hidrografikoak –Nekazaritza Ministeritzaren menpeko organoak– lanak egiteko konpromisoa hartu zuenetik. 

Hodi biltzaile berriak Lasarte-Oriako, Zubietako eta Usurbilgo urak Hernaniko Florida auzoan kokaturiko Urumeako biltokira bidaliko ditu. Bertatik, Loiolako araztegira garraiatuko dituzte hemendik aurrera.

13.712 metro ditu eraikitzen bukatu berri duten hodiak. Lau ponpaketa estazio altxa dituzte. Garrantzitsuena Lasarte-Oria eta Zubieta artean egindakoa.

Urumea  eta Oiartzun ibaietako ur zikinak araztegira iristen ziren lehendik. Beraz, Añarbeko Mankomunitatean Oria beheak soilik behar zuen halako egitura.

Ibilbide luzea

2001ean “Estatuaren interes orokorreko” izendatu zuten hodi biltzailea eraikitzeko lana. Kantauriko Konfederazio Hidrografikoak bere gain hartu zuen obra, eta Añarbeko Mankomunitateak kudeatu ditu azpiegitura eta lur eremuak.

UTE Dragados eta Moyua enpresei esleitu zitzaizkien lanak, eta 2009an hasi zituzten. Guztira, 25,72 milioi euroko kostua izan du.

Azken urratsak

Hodi biltzailea martxan den arren, obra ez da guztiz amaitu. Lasarte-Orian, Erribera eta Beko kaleko zatian lanean ari dira oraindik.

Hala ere, hodi zaharretatik garraiatuko dituzte horiek bukatu bitartean. Azaldu zutenez, maiatza bukaerarako amaituta egotea espero da. 

Oria ibaiko beste zonaldetan ere antzeko lanetan ari dira. Esaterako, Amasa-Villabonako hodi biltzailea martxan jarri berri da, eta Adunako araztegira garraiatzen dituzte orain ur zikinak.