Norgehiagoka jakin bateko emaitzak markatzen du askotan denboraldiaren norabidea. Ez da justuena agian, baina horrela gertatu ohi da. Egoera horretan dago 14 urtez azpiko Lavie ZRT-Beltzak taldea. Larunbatean Iruñean La Unica RT taldearen aurka irabazten badu, Gipuzkoako txapelketarako finalerako sailkatuko da. Galtzen badu, ez. 10:30ean hasiko da norgehiagoka. Bi taldeetako batek Ordizia izango du aurkari final handian.
Matematikoki multzoko txapeldun izatea lor dezake Seniorren Ohorezko B mailako Babyauto Zarautzek, larunbat honetan. Durango RT hartuko du etxean. Fran Puertasen jokalariek errebantxarako aukera bikaina dute: partidu bakarra galdu dute liga osoan, talde bizkaitarraren aurka hain zuzen. Zarauzko Asti zelaian jokatuko dute elkarren aurka, larunbatean, 16:30ean.
Errugbiaz gozatzea xede
Seniorren Euskal Ligan ari den Lavie ZRT-Beltzakek Michelinen jokatuko du, igandean, 10:00etan. Sailkapenaren erdialdean dago taldea, eta ez du presiorik. Horrek ez dio galaraziko ordea errugbiaz gozatzen segitzea, hori baitu helburu. Bera Beraren aurka neurtuko ditu indarrak.
18 eta 16 urtez azpiko Gure Etxea Beltzak taldeek ere jokatuko dute asteburu honetan. Lehenengoek Iruñeako Arazurin jokatuko dute larunbatean, 12:30ean, La Unica RTren aurka. Bigarrenak berriz, Zarauzko Asti zelaian ariko dira, Gaztediren kontra. Larunbatean lehiatuko dira horiek ere, 10:30etik aurrera.