Aitortu beharreko eskubidea, erabakitzeko eskubidea

Txintxarri Aldizkaria 2016ko martxoaren 16a

Lasarte-Oriako Gure Esku Dago taldeak ekainera bitartean erabakitzeko eskubidea oinarri izango dituzten topaketak antolatu ditu. Arlo ezberdinetako pertsonak izango dira Manuel Lekuona kultur etxeko hitzaldi aretoko mahaian eseri eta haien iritzia eskainiko dutenak. Azto arratsaldean kirolarien txanda izan zen.

Gaizka Garitano futbol entrenatzailea, Mikel Astarloza txirrindulari ohia eta herriko bi izar gazte, Axier Arteaga pilotaria eta Iraia Iparragirre futbol jokalaria izan ziren Lasarte-Oriako Gure Esku Dagoren gonbita onartu zutenak. Topagunea zuzentzen Arritxu Iribar kirol kazetaria izan zen. Lasaitasun osoz erantzun zituzten lau gonbidatuek Iribarrek solasaldian zehar egindako galderak.

Iritzia

Arritxu Iribarrek topaketa hasieran esan moduan, ez gaude ohituak horrelako gaien inguruan kirolariek duten iritzia entzutera.

Axier Arteaga eta Iraia Iparragirrek esaterako, inoiz haien iritzia emateko arazorik izan ez dutela azpimarratu zuten. Iraiak gainera haien aldagelan politika edo erabakitzeko eskubideari buruz gutxi hitz egiten zela adierazi zuen.

Mikel Astarlozak berriz, talde ezberdinetan bizitako esperientzia azaldu zuen eta kontraesan bat ere jarri zuen agerian. Frantziako taldean zegoela arazorik ez zuela izan eta Euskaltelen berriz, bere iritziak gorde behar zituela jakitera eman baitzuen. Gainera, euskal txirrindularien artean konplizitatea zegoela ere azpimarratu zuen.

Gaizka Garitanok futbol taldeetan hainbeste nazionalitateko jokalari egonik gai hauek hitz egiten ez direla aipatu zuen. Hala ere, Erreala edo Athletic-en jokalari zela politika solasaldiak egoten zirela ere aditzera eman zuen.

Honetaz gain, bere ustez, erabakitzeko eskubidea politikatik alderatu behar dela esan zuen, “aitortu behar zaigun eskubidea da”.

Ekainera arte

Lasarte-Oriako Gure Esku taldeko kideek azaldu dutenez, ekainera arte luzatuko dira mahai inguru hauek.

Hauetara gizarteko eremu anitzetako eragile edo pertsonaia esanguratsuek parte hartzea nahi dute eta horretarako arlokako topaketak egingo dira. Lehen biak martxoan izan dira, martxoaren 11ean, Kataluniako prozesuan parte hartu duen SUMATE taldea ezagutzeko eta atzokoa bigarrena dugu.

Honetaz gain, herriko kideek erabakitzeko eskubidearen aldeko adierazpena kaleratuko du. Topaketek hau ezagutzera eman eta herritarren atxikimendua lortzeko ere balio dute.