Errigoraren olio kanpainaren emaitzen irakurketa positiboa

Txintxarri Aldizkaria 2016ko martxoaren 16a

Errigorak jakinarazi duenez, 2016ko olioaren kanpainan 2010 litro eskatu dira Lasarte-Orian–iaz baino 510 gehiago–, guztira 402 bidoi. Horietatik 113 (565 litro) ekologikoak eta 289 (1445 litro) konbentzionalak.

Euskal Herrian, iaz baino %65 gehiago eskatu da, eta 2014an baino %150 gehiago. Errigorako lagunen irakurketa oso positiboa izan da. “On egin baino gehiago, ederra” egin dutela nabarmendu dute.

Halaber, azpimarratu dute zenbaki gordinetan hazteaz gain, herri eta etxe gehiagotara iritsi direla. Aurreko urtetan eskatzen zutenek ere eskaera handitu dute.

Prozesuan parte hartu duten guztiak eskertu dituzte, erosleak, eta borondatez, “ekoizleengandik bidoiak jaso eta banatzen” lagundu dutenak bereziki.

Hurrengo deialdia maiatzaren 12tik 24ra egin du Errigorak. Oraingo honetan, kontserba loteak eskatu ahal izango dira.