Adierazpen bateratua egin zuten pasa den astean Lasarte-Oriako eta Hernaniko Ahal Dugu-ren plataformetako ordezkariek.
Udalen kontuak herritar guztientzat eskuragarri egotea eskatu dute ordezkari Arkaitz Nayak eta Jaione Aristegik.
Ordenantza berria
Azaldutako asmoak arautze bidean ordenantza berria aurkeztuko dute bi Udaletan.
“Aurrekontu, hitzarmen, subentzio eta gastu administratibo guztiak” ikusgarri egotea aldarrikatu dute.
Halaber, “modu sinplean” aurkeztu beharko lirateke Ahal Duguren ustez, “saretik jaisteko, berrerabiltzeko edota norbaiti bidaltzeko” moduan.
Gardentasuna irabazte bidean eta ustelkeriaren aurkako borrokan kokatu dute proposamena.
Banka etikoaren alde
Salatu dute banku tradizionalek “sistema espekulatzailea” sustatu izana, eta hemendik aurrera erabiliko diren forma eta tresnetan “aldaketa ezinbestekoa” dela nabarmendu dute.
Hori dela eta, banka etikoaren aldeko apustua egin nahi du Ahal Duguk. “Herritaren interes orokorrei” mesede egingo dien finantza jarduera mantentzeko.
Borondate kontua
Aurkeztutako proposamenak betetzeko “errazak” direla azaldu dute Nayak eta Aristegik. Izan ere, “borondate politikoa” besterik ez da behar, haien ustez.
Nabarmendu dutenez, sistemaren garapena doakoa da, eta ez litzateke kontratazio berririk egin beharko. Gainera, erabili beharreko software-a jadanik “Udalen eskuetan” dela adierazi dute.
Gipuzkoako Ahal Duguk Foru Aldundian antzeko ekimena aurkeztuko du. Halaber, Arrasateko, Ordiziko eta Pasaiko zinegotziek ere ordenantza hau landuko dute euren Udaletan.