Bihar ETAk Froilan Elespe herriko taberna batean hil zuenaren 15. urteurrena betetzen da eta bere gertukoek zinegotziak Lasarte-Oria herriaren alde egin zuen lana ekarri dute gogora.
Gipuzkoako eta Lasarte-Oriako alderdi kideen izenean bere hilobian lore sorta bana utzi ostean, Iñaki Arriolak Gipuzkoako Idazkari orokorrak hartu du hitza.
Arriolak Elespek besteen zerbitzura lan egin zuela eta alderdikideentzat adibide dela azpimarratu du, “bereak zituen baloreak defendatzen ditugu, gertutasuna eta elkar ulertzea”.
Honetaz gain, Lasarte-Orian PSE-EEk berriro ere alkatetza lortu izana Elesperi poza emango ziola adierazi du.
Ekitaldiari amaiera emateko 'Internazionala' abestu dute guztiek.
Gesto por la Paz
Hilerritik jaitsi eta PSE-EEren egoitzara hubildu dira guztiak.
Bertan laugarren urtez, Froilan Elespe saria eskaini dute herriko PSE-EEko kide eta Froilan Elesperen familiak.
Aurten Euskadiko Gesto por la Paz elkarteari egokitu zaio saria. Jesus Zaballos alkateak aipatu duenez, familia berak proposatutako saritua da.
Alkateak azpimarratu moduan, terrorismoaren aurkako mugimenduan izan zuten garrantzia eta gure herrian bakearen eta elkarbizitzaren alde egin duten lanarengatik eman zaie sari hau.
Tomasi Pelazek Froilanen alargunaren eskutik hartu duten saria eta elkartearen izenean Isabel Urkijo eta Fabiano Laespadak hitz egin dute
Urkijok eskerrak eman eta saria jasotzearen arrazoia azaldu du. Izan ere, Gesto por la Paz taldeak horrelako aitorpenak jasotzeari uko egin baitzion.
“Bakezaleak gara eta ez dugu ezer merezi, baina urte hauetan gure lanari zentzua ematen zioten pertsonak ezagutu ditugu. Horregatik saria eskaintzen duen familiari omenaldi gisa hartzen dugu sari hau. Oroigarri hau bumeran baketsu bat da. Saria eskaintzean eman diguzuen maitasuna Lasarte-Oriara bueltatzen da”. Era honetara, Elespe familiari eskaini dio saria elkarteak.
Fabiano Laespadak gogora ekarri du iraganean gertatutako ezin dela ahaztu eta terrorismoak hildako herritarrak denon gogoan daudela.