Atzo arratsaldean, Maria Morales kazetari andoaindarrak "emakumeen omenaldi modura idatzitako" eleberria aurkeztu zuen Emakumeen nazioarteko egunaren egitarauaren baitan.
Lehenik, Maria Morales kazetari andoaindarrak eskerrak eman zien Zentro Zibikoko kideei eta udal ordezkariei aukera hau emateagatik. "Emakumeen egunean bertan liburu hau aurkeztea luxu bat da," aipatu zuen. Izan ere, idazleak azaldu moduan, liburua emakumeen lanaz eta haren balioaz hausnartzeko balio baitu.
Idazleak liburua idaztearen prozesua azaldu zien hurbildutakoei. Honela txikitatik emakume eta gizonen arteko ezberdintasunak ikusten zituela aipatu zuen eta ama izatean, emakumeak aurrera eramaten dituen jardunak balioan jartzen ez direla konturatu zela. Hori eta zenbait esperientzia profesionalen ostean, liburua idaztea otu zitzaiola jakitera eman zuen.
Liburuan murgildu ahal izateko istorioa egin nahi zuela argi zuen. Istorioaz gozatzeaz gain, bai emakume, baita gizonei ere gaiari buruz pentsaraztea nahi zuela adierazi zuen.
"Gizarteak ez du emakumea baloratzen. Baina askotan gu geu gara aintzat hatzen ez garenak. Hemendik hasi behar gara aurrera egin eta besteek ere gure balioaz konturatzeko," aipatu zuen.
Hau guztiaz gain, Oxforren girotutako eleberriaren nondik norakoak ere azaldu zituen eta entzuleak hobeto kokatzeko, idazleak berak liburua idatzi ostean Ingalaterrako herrira egindako bidaiko irudiak erakutsi zituen.
Gaurko egitaraua
Baina ez ziren atzoko ekimenak Emakumeen nazioarteko egitarauaren barruko bakarrak izan, gaur Biyak Bat elkartean umoreterapia saio da 17:00etatik aurrera.
Honetaz gain, Lasarte Moria egitarauaren barruan, identitate ez normatiboen inguruko 'El test de la vida' dokumentala eskainiko da. Ostean, Amets Jordan Arrietarekin solasaldia izango da.