Teep Samaniego Orixe taldeak seguru asko ez luke sinatuko puntu bakarra eramatea Lasarte-Oriako Kiroldegitik larunbatean, Lasarte Kafe Bar Ostadarren aurka jokatu aurretik. Partiduan gertatutakoa ikusi ondotik, ordea, konforme egoteko moduan ziren, talde urdin-beltzak estu hartu baitzuen jubenilen ligako bosgarren sailkatua.
Lehenengo zatia orekatua izan zen oso: bi taldeak ondo kantxaratu ziren, kontzentratuta. Zaila zen etxeko zein kanpokoen defentsa haustea. Lasarte Kafe Bar Ostadarrek gehiagotan lortu zuen hori, eta harenak izan ziren aukera garbienak. Dena den, bi taldeek ezin izan zuten aurrea hartu markagailuan, eta husna iritsi ziren atsedenaldira.
Bigarren zati eroa
Lehenengo 30 minutuetan oreka, kontzentrazioa eta seriotasuna izan ziren nagusi. Bigarrenean, bigarren plano batean geratu ziren kontzeptu horiek denak, joan-etorri etengabekoa izan baitzen azkeneko ordu erdia.
Etxeko taldeak ireki zuen markagailua, Unai Anguianok sartutako golari esker. Ez zen hori izan jokalari horrek emandako lehen abisua, aurreko jokaldian zutoinarekin egin baitzuen topo hark egindako jaurtiketak.
Lortutako abantaila gordetzen saiatu zen Lasarte Kafe Bar, baina pozak ez zion gehiegi iraun, Teep Samaniego Orixek bi jokalditan buelta eman baitzion markagailuari. Escribano eta Azkueren jokalariek ez zuten etsi ordea, eta estrategia jokaldi batean binakoa ezarri zuen Andoni Iturbek. Markagailua ez zen gehiago mugitu, eta puntu bana patrikaratu zuten bi taldeek.
Lasarte Kafe Bar Ostadar: Christian Blanco, Sergio Vega, Jon Ander Cespedes, Unai Anguiano (1) eta Iñaki Mendo (hasierako bostekoa); Andoni Iturbe (1), Ander Sevillano eta Ekaitz Fernandez.
Balio handiko puntua
Imanol Azkue da taldearen entrenatzaileetako bat. Haren esanetan, "denboraldiko norgehiagoka onena" jokatu zuen taldeak larunbatean. Eta ez edonoren aurka: bosgarren sailkatua da Teep Samaniego Orixe 32 punturekin. 14 ditu orain Lasarte Kafe Bar Ostadarrek; bederatzigarren postuan da taldea.
Sailkapenari erreparatuta, urdin-beltzek poltsikoratutako puntuak ez du izan eragin handiegirik, baina urrezkoa izan da beste hainbat aspektutan. Batetik, herritarrek erakutsi dutelako gai direla talde onenak estu hartzeko, eta, bestetik, frogatu dutelako abuztutik hona daramaten goranzko joera hori ez dutela eten oraindik, etengabe ari direlako hobetzen.
Bi taldekide, Gipuzkoarekin
Jubenil mailako taldea egiten ari den sasoi onak arreta piztu die Gipuzkoako selekzioko prestatzaileei, eta bi jokalari deitu dituzte haiekin entrenatzeko: Unai Anguiano eta Andoni Iturbe.
Ez da izan lehenengo aldia, aste batzuk atzera Iñaki Mendo aritu baitzen, kadete kategoriako taldearekin. Adinez kadetea bada ere, jubenilekin ari da jokatzen Mendo.
Asteburuko emaitzak
Meritu handiko garaipena erdietsi zuen 3. Nazionalean ari den Ostadar Antonio Aroztegiak, Goierri KEren aurka (4-3). Sailkapeneko beheko postuetatik ihes egitea du helburu taldeak, eta azkenaldian ederki ari da, etxean batez ere. 20 puntu dituzte orain.
Gipuzkoako Ligako ordezkarientzat ez zen izan asteburu onena: 1go mailan ari den ISU Leihoakek 4-2 galdu zuen Hirukide Ikastetxearen kontra. Dena den, goiko postuetan segitzen dute Eneko Molinaren jokalariek: laugarrenak dira, 35 punturekin. Cecilia Kebab Lasarte Ostadarrek 2. mailako lider izaten jarraitzen du, Gamon Akerren aurka 3-0 galdu arren. Jardunaldia ez da izan ona herritarrentzat, baina izan zitekeen okerragoa: Anoeta FTk puntu bakarra besterik ez dio jan, bana berdindu baitzuen Egintzaren kontra.