Pakearen aldeko 3garren Foro Sozialaren ospakizunarekin batera, desarmearen gaia etorri da berriz egunkarietako izenburuetara. Bidezkoak ez diren arma guztiak entregatzea beharrezkoa dela ez daukat inolako zalantzarik, baina hasitako bidetik ez garela inora iritsiko sumatzen dut baita ere. Bistan da armak baliogabetzean aurreratzeko egin behar denaren inguruko adostasunik ez dagoela. 

Ikustagun zer gertatzen ari den. Alde batetik, indarkeria erabili dutenek armak zigilatzea proposatu dute beraien gustura egindako desmilitarizatze prozesu baten baitan. Bestetik, Españako poliziaren ekimenez armak kentzea bezalako bermerik ez dagoela diote Madrilgo gobernukoek. Ageri denez, bietako bakoitzak bere jokora makurtuko den bukaera nahi du. Ez dakit gainera gure Jaurlaritzaren parte-hartzetik prozesua euskotarren mesedetara ekarri daitekeen. Orain arte gertatutakoarekin, ezin gaitezke fio.

Erakunde armadun ilegitimoen armategia desegite hutsarekin ez dugu ezer lortuko, bestalde, indarkeriaren erabilera elikatzeko egin izan diren diskurtsoak baliogabetzen ez badira bide batez. Carmen Gisasolak preso ohiak esaten duen bezala, indarkeriaren egile eta erantzule jakinek  borroka armatuaren bidezkotasuna defendatu izan zuten formulazio teorikoei jarraitu zieten. Ez da nahikoa beraz desarme materiala. Ezin daiteke armagabetzea planteatu egindako kaltearen zuzengabekeria aitortzeko inolako asmorik gabe. 

Itxuraz, orain ez dago bizikidetza hautsi nahi duen alderdirik. Herriko ondarea bezala zaindu nahi dugu denok, datozen belaunaldikoentzat onduta utzi nahi omen dugun elkarbizitza hori. Horrela gerta dadin, pistola eta lehergaiez aparteko desarmeak ere beharko lirateke. Izan ere, iraganean sortu eta oraindik bizirik diren diskurtsoen barrutiari dagokioneko desarmea eta autokritikarik gabe ezin izango dugu gatazka egoera atzean utzi eta auzokidetza sano batean elkarrekin bizi.