Baldintza meteorologikoek eta arerioek ez zituzten Beltzak mendean hartu

Txintxarri Aldizkaria 2016ko martxoaren 3a

Hainbat areriori egin behar izan zieten aurre 16 eta 18 urtez azpiko Gure Etxea Beltzak taldeek. Batetik, Atletico San Sebastian taldeko jokalariei; bestetik, eguraldi kaskarrari –etengabeko euri-zaparradek putzuak sortu zituzten Michelingo zelaian–. Baldintzak baldintza eta arerioak arerio, bi Beltzak taldeek aurrera atera zituzten euren norgehiagokak, jokoan zeuden hiru puntuak poltsikoratuz. 16 urtez beherakoek garaipen argia erdietsi zuten: 56-7. 18 urtez azpikoek, aldiz, 17-0 irabazi zuten.

Seniorren Ohorezko B mailan ari den Babyauto Zarautzek ere patrikaratu zituen hiru puntuak pasa den asteburuan. Atzeratutako partidu bat zeukan jokatzeke, Eibarren kontra, Zarauzko Asti zelaian. Etxekoak gailendu ziren, 31-0. Ia norgehiagoka guztietan bezala, eguraldi kaskarrak zaildu egin zuen bi taldeen jarduna. Ez horrenbeste Fran Puertasen jokalariena, hala ere: lau jardunaldiren faltan, euren multzoko txapeldunak dira jada. Lau herritarrek jokatu zuten larunbateko norgehiagoka hori: David Vega eta Xabier eta Ander Rekondo anaiak hasieratik aritu ziren; bigarren zatian zelairatu zen Xabier Prieto.