Azken egun hauetan

Mailu Arruti 2016ko martxoaren 4a

Azken egun hauetan Espainiako gobernu osa ezinak eman dituen perlak entzuteko pazientzia daukagu oraindik ere. Ez gera makalak alajainkoa!

Azkenean nahi dutena egin dezatela. Katalanen arazoa gainditu ezinezko  harri kozkorra bihurtu den bitartean, Euskal Herria agendaz kanpo geratu omen da.

Azken finean, guk gurea egin behar dugu. Igandean Errauskailuaren aurkako mobilizazioa Zubietan, zoragarri, jende pila. Gai honekin asmatu beharra dago. Didaktika, didaktika eta didaktika. Ahal dugun guztia berrerabili eta birziklatu behar dugu. Gure osasunak eskertuko du eta gure ondorengoenak ere bai.

Azkenean Martxoak 8 iritsi da. Zutik emakumeak eta gizasemeak! Denon beharra du parekidetasunaren borrokak. 

Azken aldian oso kezkatuta nauka gai honek. Emakumeek gero eta prestakuntza akademiko handiagoak, gero eta independentzia ekonomiko handiagoak, berdintasuna eta askatasuna ekarriko zuela emakumeen mundura sinestuta egon naiz urteetan. Baina hori ez ote den betetzen ari susmoa hartzen hasita nago.

Azken aldiko mikromatxismoak, emakumeak gutxiesten dituzten txiste grazia izpirik gabeak, hainbeste eraso (eta oraindik erasoak identifikatzen ikasten hasi besterik ez gara egin), bikote gazteetan maitasunaren izenean kontrola eta jazarpena, hainbeste bortxaketa eta erailketa. Zer ari gara gaizki egiten?

Azken egun hauetan Arnaldo Otegi aipatu gabe ezin ba pasa. Honen inguruan burutapen bat: Partidu guztietan barne borroka sutsuak egoten dira gidaritza postuetan kolokatzeko.

Pertsona bat harro egoteko arrazoi ederra izango da kideek lehendakaritzara aurkezteko horrela eskatzea eta lehiara aurkeztuko diren beste zerrenda buruek (batzuk bederen) errekonozimendua ematea. 

Azken aste honetan bi preso gutxiago.