Arteaga II.aren debuta herrian

Txintxarri Aldizkaria 2016ko martxoaren 4a

Michelingo frontoiak martxoaren 11n jasoko du lehenengoz pilotari profesionalen jaialdi bat; partidu pare batekoa izango da. 20:30ean Berasaluzek eta Apraizek Arretxe eta Aretxabaletaren aurka jokatuko dute. Gero, estelarra: Arteaga II.a eta Imaz, Agirre eta Larunberen aurka.

Sare sozialetan eta Lasarte-Oriako kaleetan bolobolo dabil notizia: Arteaga II.ak Michelingo frontoian jokatuko du lehenengo aldiz, profesionaletara jauzi egin zuenetik. Martxoaren 11n ariko da, Imazekin batera. Promozioko binakako txapelketako ligaxka amaituko dute herriko pilotalekuan, Agirre eta Larunberen aurka.

Profesional mailako jaialdi bat lehenengo aldiz jasoko du Michelingo frontoiak; 20:30ean hasiko da. Arestian aipatutako partidaren aurretik beste dema batez gozatuko dute pilotazaleek: Berasaluze eta Apraiz, Arretxe eta Aretxabaletaren kontra. 

Erakargarria izango da partida hori ere, Pablo Berasaluzek iragarri baitu urriaren 1ean utziko dituela kantxak. Beraz, herritarrek aukera edukiko dute pilotari bizkaitarra zuzenean ikusteko, erretiroa hartu aurretik.

Jaialdirako sarrerak Ainhoa eta Gure Etxea tabernetan erosi ahalko dituzte herritarrek, 20 eurotan. Txartelak "asteburu honetatik aurrera" jarriko dituzte salgai antolatzaileek. Telefonoz ere eskatu ahalko dira: 656 79 94 23 zenbakira hots egin beharko dute jaialdira joateko asmoa dutenek.

Poza, onena emateko gogoa eta “presio puntu bat”

Herritarrek pozarren hartu dute albistea. Batek, bereziki: protagonistak berak, Axier Arteaga pilotari gazteak. “Iragan astean aipatu zidaten aukera zegoela jaialdia herrira ekartzeko. Asegarceko teknikariek horrela izango zela konfirmatu zidatenean, poz ikaragarria sentitu nuen”, aitortzen du Arteagak.

Pilotari gazteak beste sentimendu batzuk ere baditu buru eta bihotzean: “Barruan daramadan onena eraman nahi dut, ahalik eta partida onena jokatu. Zure herrian jokatzeak motibatzen zaitu apur bat gehiago, baina presio puntu bat ere ipintzen dizu, zaleek zure jokoarekin ahalik eta gehien gozatzea nahi duzulako”.

Arteagak argi du: “Zenbat eta zale gehiago joan pilotalekura, hobe. Batez ere, gaztetxoen artean pilotara jokatzeko zaletasuna sustatzeko. Michelin beteta ikusteak asko lagunduko dio herriko pilotaren egoerari, ziur”. Mikel Goñi jokatzera etorri zenekoa jartzen du erreferentziatzat: “Giro ederra sortu zen egun horretan; ea datorren astean ere hala den”. 

Abiapuntura itzulera

Pilotari profesionala denetik –urtarrilaren 4an egin zuen debuta, Tolosako Beotibarren– lehenengo aldiz jokatuko du Arteagak Michelingo frontoian. Jauzia eman aurretik, ordea, makina bat ordu sartuak ditu herritarrak kantxa horretan. “Berezia izango da partida, frontoi horretan denbora asko eman baitut entrenatzen. Pilotalekua ezagutzea abantaila txiki bat da niretzat; ea partidu ona egiterik dugun Imazek eta biok”.

Promozioko binakako txapelketako ligaxka itxiko du bikote gipuzkoarrak gaur zortzi. Hori baino lehen, ordea, hitzordu garrantzitsu bat dute etzi, Altsasuko Burunda frontoian, 17:00etan. Gorka eta Tolosarekin neurtuko dituzte indarrak Arteaga II.ak eta Imazek. Ligaxkako lehenengo postua dago jokoan. “Finalerdietarako sailkatu gara jada, hirutik hiru partidu irabazita, baina lehenengo postua eskuratu nahi dugu”, azpimarratzen du herritarrak. 

Xedea betetzea ez da samurra izango, pilotariaren hitzetan: “Gorka eta Tolosak osatutakoa da, nire iritziz, bikote gogorrena. Esperientzia askoko jokalariak dira biak. Partida bakarra galdu dute, tanto bateko aldearekin. Imazek eta biok oso ongi jokatu beharko dugu, irabazi ahal izateko”