LOKEko judokak primeran Durangon

Txintxarri Aldizkaria 2016ko martxoaren 4a

Emaitza bikainak erdietsi zituzten LOKEko judoka infantil eta kadeteek pasa den asteburuan, Durangoko txapelketan. Ander Garrido kadeteak zilarrezko domina kolkoratu zuen, eta brontzezkoa Jesus Curiel infantilak.

Durangoko tatamian maila bikaina eman zuten LOKEko judoka infantilek eta kadeteek. Gehienek emaitza eta sentsazio onak ekarri zituzten bueltan Lasarte-Oriara.

Zilarrezko domina Ander Garridorentzat

Kadete mailan, zilarrezko domina kolkoratu zuen Ander Garridok. Bost borrokalditan aritu zen judoka gaztea. "Txapelketa bikaina burutu du", nabarmentzen du Gorka Aristegi entrenatzaileak. Yeray Mendibek gutxigatik ez zuen jantzi brontzezkoa: hiru borrokaldi irabazi eta bi galdu zituen. Mikel Lasa ere bost alditan aritu zen; hiru irabazi eta bi galdu zituen. 

Beste hainbat judokak ere lehiatu ziren kadete mailan. "Talib Vergarak hiru borrokaldi egin zituen eta dominengatik aritzeko aukera galdu; Unai Posadak eta Florin Dreaveanuk txapelketa txukuna burutu zuten; Jon Herrerok ez zuen erakutsi haren potentzial guztia, borrokaldi bat irabazi eta bi galdu zituen", aipatzen du Aristegik.

Brontzea Jesus Curielentzat

Infantilak ere primeran aritu ziren Durangon. Jesus Curiel podioko hirugarren kaxoira igo zen, brontzezko domina jasotzera. Julen Espinosak eta Martin Sebastianek bina borrokaldi irabazi zituzten, eta txapelketa ona burutu zuten baita ere Xabier eta Lucas Moralesek.