Lasarte, Mugica eta Izarra autoeskolek –azken honek herriko egoitza itxi berri du– eskaini diete euren ikasleei gidabaimenaren atal teorikoa euskaraz ateratzeko aukera. Zentroak hiru direnez, beste hainbeste sari banatu dituzte gure herrian.
Duela hilabete egindako zozketan hiru izen atera zituzten kutxatik: Andoni Amonarriz, Izar Agirretxe –ezin izan du ekitaldira joan, eta haren anaia Oihanek jaso du saria– eta Mikel Gonzalez. Gaur jaso dituzte euren sariak Euskara batzordeko buru Jon Antxordokiren eskutik, udaletxe berrian.
Andoni Amonarrizek Lasarte autoeskolan atera du gidabaimenaren atal teorikoa, eta 302,50 euroko laguntza jaso du. Izar Agirretxek eta Mikel Gonzalezek, aldiz, Izarran. Bi horietako bakoitzak 229,90 euro jaso ditu.
113 ikasle Buruntzaldean
Eskualdeko euskara zerbitzuek emandako datuen arabera, 113 ikaslek atera zuten gidabaimenaren atal teorikoa euskaraz 2015ean. Horietatik 21 lasarteoriatarrak dira.
2010ean sortu zuten egitasmoa euskara zerbitzuek. 34 ikaslek atera zuten urte horretan gidabaimenaren atal teorikoa euskaraz –formazioa eta azterketa–. Ordutik sei urte igaro dira, eta kopuru horiek nabarmen egin dute gora: hirukoiztu egin da ikasle kopurua.
2011n 60 ikaslek aukeratu zuten gidabaimena euskaraz ateratzearen bidea. 2012an aurrenekoz gainditu zen 100 estudianteen langa: 112 izan ziren denera. Hurrengo ikasturteetan hazten jarraitu zuen kopuruak: 2013an 135 izan ziren, eta 140 2014an –orain arteko kopururik altuena azken hori izan da–. 2015eko datuak zertxobait apalagoak izan badira ere, 100 ikasleen langa gainditzen jarraitzen dute.
Buruntzaldeako euskara zerbitzuek berriki adierazi dutenez, aurten ere proiektuarekin jarraitzeko intentzioa daukate.
Andoain, Hernani, Lasarte-Oria, Usurbil eta Urnietako hainbat autoeskolak hartzen dute parte egitasmoan. Sariak banatzeko ekitaldi bana egin dute aipatutako herrietako euskara zerbitzuetako eta autoeskoletako ordezkariek.