Mendebaldeko Saharako errealitatea ezagutzen

Txintxarri Aldizkaria 2016ko martxoaren 5a

Gaur eguerdian Xirimiri elkartera bertaratu direnek Sahara Mendebaldera egin dute bidaia, Andoni Mujika herritarraren eskutik. Argazki-diaporama ikusi dute aurrena, saharar te gozoa dastatu bitartean. Ondoren, bertako dantza batez gozatu dute, Fatu eta Mailima Abahai sahararren eskutik. 'Lasartetik mundura, mundutik Lasartera' zikloaren baitakoa izan da ekitaldia.

Andoni Mujikak eta familiak urte dezenteko harremana dute Mendebaldeko Sahararekin. 2000n hasi zen: urte horretan, ume saharar bat hartu zuten etxean, hainbat hilabetez. 2008ra arte, behin baino gehiagotan errepikatu dute esperientzia. Denera, lau familiatako umeek ezagutu dute Lasarte-Oria, Mujika-Calongetarren etxera etorrita. 

Saharar horiek ezagutu dute gure herria, eta Andoni Mujikaren familiakoek ere bai, kanpamenduetara bisitak egin baitituzte. Andoni bera falta zen soilik. Aspalditik eduki du gogoa Sahara ezagutzeko, baina pasa den urtera arte ezin izan du joan, egutegi arazoengatik. Iazko udan, Iker Ortega lagunarekin hitz egin, eta biek adostu zuten bidaia egingo zutela. Hala izan zen: abenduko zubian Aaiun kanpalekua bisitatu zuten, sei egunez.

Gaur eguerdian azaldu ditu bidaiaren nondik-norakoak Mujikak, Xirimirin. 'Lasartetik mundura, mundutik Lasartera' egitasmoaren baitakoa izan da gaurko hitzaldia. Elkartera bertaratu direnek Mendebaldeko Saharara bidaiatu dute gaur. 

40 urte, eta igotzen

Iazko bidaiako esperientzia pertsonala baino lehen, Mendebaldeko Sahararen historiari buruzko zertzelada batzuk eman ditu Mujikak. Duela 40 urte, Marokok herrialdeko zati handi bat inbaditu zuen, Ameriketako Estatu Batuen laguntzarekin : "gune aberatsena", Mujikak zehaztu duenez. Orduz geroztik, "zatituta" geratu dira sahararrak, "euren jatorrizko herrialdetik kanpo". Inbasioaren ondorioz, herri sahararrak beste bizileku bat topatu behar izan zuten. Argelek lur batzuk utzi zizkien -basamortua da ia guztia- eta errefuxiatu gunea eraiki zuten bertan. "Bertan bizi, bizi daiteke, baina baldintzak oso gogorrak dira. Sahararrak ordea, are gogorragoak: 40 urte daramatzate jada borrokan, noizbait euren herrialdera bueltatzeko itxaropenarekin. Behin-behineko egoera bat behar zuena lau hamarkadaz luzatu da jada, eta igotzen", azpimarratu du herritarrak.

Mendebaldeko Sahara okupatu eta zortzi urtera, 1983an, 'Lotsaren Horma' izenez ezagutzen den harresia altxa zuen Marokok, okupatutako zatia bestetik bereizi eta sahararrak bueltatzea saihesteko. Abenduan egin zuen bidaian zehar, 2.700 kilometro luze dituen horma horrek inpresionatu zuen gehien Mujika. "Oso militarizatua dago gunea, pertsonen kontrako minak daude han eta hemen", aipatu du. 

1976an SEAD Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoa sortu zen. Frente Polisarioaren esku dago gobernua, eta hasieratik aldarrikapen bera egiten dute: erreferenduma ospatzea, herri sahararraren autodeterminazio eskubideaz galdetzeko.

Esperientzia pertsonala

Arestian esan bezala, abenduko zubian joan ziren Andoni Mujika eta Iker Ortega Aaiun kanpalekura. Mujikak kontatu duenez, bisitariak iristen zirenean, megafonia bidez ematen zuten horren berri. Gaur egun ordea, telefonoa daukate ia denek eta tresna hori erabiltzen dute. Bi herritarrek ez zeukaten bisitatu behar zituzten familien zenbakiak, eta denbora dexentez itxaron behar izan zuten, haraino eraman zituen txoferrarekin. "Goizeko bostak aldera iritsi ginen familiarengana", gogoratzen du.

Lasarteoriatar gazteek ez zekiten sahararren hizkuntzan hitz egiten, eta bertakoek erdaraz hitz solte batzuk baino ez. "Esaten ziguten ez zekitela gaztelaniaz hitz egiten, baina gero ez ziren isiltzen! 40 bat hitz zekizkiten, eta ederki moldatu ginen horiekin", dio Mujikak. "Harrera oso ona egin ziguten herritarrek", gaineratzen du.

Esperientzia oso aberatsa izan zela aipatu du Mujikak, baina hein batean "penatuta" itzuli dela ere bai: "Sei egun igaro genituen bertan, baina denbora gehiagoz egoteko gogoarekin geratu ginen. Bueltatuko naiz, ziur". Era berean, aipatu du oso gomendagarria dela haiek bizitako esperientzia, eta herritarrak animatu ditu bidaia egitera.

Erakusketa Jalgin

Gaurko diaporamara joan ezin izan dutenek, Saharako kanpalekuetako argazkiak ikus ditzakete Jalgi Kafe Antzokian, martxoan zehar. Garikoitz Lasa donostiarraren hainbat irudi jarri dituzte ikusgai bertan.