"Memoriaren batailaren irabazleei" eskertza

Txintxarri Aldizkaria 2016ko martxoaren 6a

Islada Ezkutatuak taldeak ekitaldia egin du gaur udalbatzar aretoan; eskerrak eman dizkie hainbat herritarrei, 1936ko altxamendu militarra eta ondorengo urteei buruzko testigantzak emateagatik aurten.

Eladia Gubia Segurado. Juana eta Genatxo Yurrita Barrenetxea. Maria Luisa Arruti Ilarramendi. Josefa Sarriegi Agirre. Miguel Iturrioz Amundarain. Inaxi Otegi Egia. Martin Goenaga. Jose Ignacio Zaldua Alkorta. Isabel Herrera Blanco. Itziar Yarza Etxenike. Pilar Aburuza Garro. Maria Eugenia Monge Aburuza.

Herritar horiei denei eskerrak eman dizkie gaur Islada Ezkutatuak taldeak, udalbatzar aretoan egin duen ekitaldian. 1936ko altxamendu militarra eta ondorengo urteak pairatu zituzten horiek denek; bizitakoen testigantzak partekatu dituzte taldekideekin aurten, eta horregatik omenduak izan dira gaurkoan, ekitaldi xume batean.

Haiengana zuzendu da Mailu Arruti: "Norbaitek esan zuen moduan, gerrak ez dira irabazten inoiz, Galdu egiten dira beti. Batailak irabazten omen dira. Zuek, memoriaren batailaren irabazleak zarete". Bost urte daramatza Islada Ezkutatuak taldeak garai historiko horrek Lasarte-Orian eragin zituen ondorioak ikertzen. Lan eskerga hori egiteko, behar-beharrezkoak dituzte hamarkada horiek euren azalean bizitu zituztenen testigantzak. "Urte latz horietan gertatutako sarraskiak memorian gorde eta guri transmititzeko gai izan zarete, zaila den arren. Horregatik egin dugu gaurko ekitaldia, eman diguzuen laguntza guztia eskertzeko", aipatu du Arrutik. 

Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskertza

Jesus Zaballos alkateak hartu du hitza ondoren. Gaur omenduak izan diren herritarrengana zuzendu da bera ere: "Gerraren ostean isilik egotera behartuak izan baziren ere, euren minarekin bizitzen ikasi zuten, itxaropen batekin: egunen batean justizia egitea. Haiei ukatu zietena guk eraiki behar dugu orain, beharrizan bat baita memoria berreskuratzea, inoiz ez dadin errepika orduan gertatutakoa". Eskerrak ere eman dizkie: "Eskerrik asko zuen testigantzak eskaintzeagatik, memoria bezalako altxor bat gurekin partekatzeagatik. Borroka eta indar adibide bat zarete; zor handi bat dugu zuekin, ezingo dizuegu ordaindu inoiz zuek merezi bezainbeste". Era berean, Islada Ezkutatuak taldearen lana ere aitortu du, eta azpimarratu du "funtsezkoa" dela taldearen lana memoria kolektiboa berreraikitzeko.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen zuzendari Maribel Vaquerok ere taldeak zein herritarrek egindako ekarpenak eskertu ditu. "Zuei esker ari gara ezagutzen garai horretan gertatutakoa, eta hori oso garrantzitsua da". Vaquerok zehaztu duenez, "memoriaren bitartez" eraiki behar da hamarkada horietan gertatutakoa: "Ez da argitu oraindik 1936an eta ondorengo urteetan jazotakoa, eta justiziarik ere ez da egin biktimekin. Erreparazioa egiten saiatu behar dugu, memoriaren bidez eraikiz". 

Tapiaren abestiak eta historia leziotxoa

Joseba Tapia herriko musikariak bi abestirekin girotu du eguerdiko ekitaldia. 'Tximela' ezizenez ezagututako gizon tolosar batek idatzitako bi bertso ekarri ditu udalbatzar aretora. Gitarra jo bitartean egin du kantuan. Esaldi eder bat ere utzi du Tapiak, Mailu Arrutik azaldu duena: "Josebak ekitaldia hasi aurretik esan digun moduan, zeinen garrantzitsua den triste gaudenean eta zailtasunak ditugunean umorea ateratzea".

Islada Ezkutatuakeko kide Joxea Muguruzak ere hainbat esaldi gogoangarri eduki ditu ahotan. Horietako bat, Walter Benjamin ezizenez ezagututako filosofo alemaniarrarena: "Askoz ere zailagoa da pertsona anonimoen memoria ohoratzea, ospetsuenena baino". Zita hori hartu du oinarritzat Muguruzak, udalbatzar aretoan historia leziotxo bat eskaintzeko, eta azaltzeko zein den Islada Ezkutatuaken filosofia: "Egia da, ez da lan erraza pertsona horien memoria ondratzea, baina bizitza-eskola bat da hori taldea osatzen dugunontzat. Ez hori bakarrik: duintasun, historia eta zailtasunen aurkako erresistentzia-eskola ere bai". 

Pertsonaia historikoen aipuei buruz hitz egiten hasita, Adolfo Sanchez Vazquez filosofoarena aipatzeak ere merezi du: "Gerra Zibila anaien arteko gerra bat izan zela saldu zuten, esanez erasotzaile eta erasotuak, borreroak eta biktimak errudun eta errugabe izan zirela aldi berean. Ariketa horrekin, altxatuek nahi izan zuten ezkutatu faszismo nazional eta nazioartekoak herriari inposatu ziola gerra hori eta, herriak, haren duintasunak eskatzen zion legez, erantzuna eman ziola nahiz eta baldintza oso aurkakoak izan harentzat". Hortik abiatuta, Muguruzak nabarmendu du 1936an gertatutakoa ez zela izan bi gudarosteren arteko borrokaldi bat, baizik eta estatu kolpe bat. 

Bukatu aurretik, haren azalpenak adi-adi entzuten ari ziren herritarrei honakoa esan die: "Gobernu zilegi baten, demokraziaren, justiziaren eta garapenaren alde borrokatu zutenen seme-alaba, biloba eta senar-emazteak zarete zuek. Eskerrik asko eman diguzuen laguntzagatik".

Omenduak

Lehen paragrafoan aipatutako herritarrek kristalezko botila bat jaso dute Islada Ezkutatuakeko hainbat kideren eskutik, irribarrea ahoan eta satisfazioa barrenean. Eladia Gubiak hitz egin du denen izenean: "Eskerrak eman nahi dizkiogu Islada Ezkutatuak taldeari, gugatik egiten ari diren lan guztiagatik. Ez duzue utzi gure memoria ahanzturan erortzen; belaunaldi berriek gertatu zena jakiteko ezinbestekoa da hori. Eskerrik asko". Txalo zaparrada luzeak eskaini dizkiete udalbatzar aretora bertaratutakoek aitortza jaso duten hamahiru herritarrei. Ondoren, bost urte hauetan testigantzak eman dituzten herritar denek familia-argazkia atera dute.

Horren ostean, mokadutxo bat jatera joan dira denak, alboko aretora: patata-tortilla, kroketa beroak, urdaiazpiko otartekoak... Bapo jan dute denek. Ekitaldia ez da hor bukatu, ordea: hainbat argazki zeuden eskegita areto horretako hormetan, eta boligrafoak mahaian. Islada Ezkutatuakeko kideek lanean jarri dituzte herritarrak; eskatu diete identifikatzeko argazki horietako hainbat pertsona, beraiek ez baitute lortu orain artean. 80 urte pasa dira 1936ko estatu kolpetik; horietako gehienetan isilpean egon da herritarren memoria. Hori eraikitzeko ordua da, eta ez dago galtzeko denborarik.

Ekitaldiko hainbat irudi jaso eta argazki galeria egin dugu.