Prentsaurrekoa eman dute gaur bailarako Elkarbizi egitasmoko kideek Lasarte-Orian, Ganbo Iturri elkartearen egoitzan. Azaldu dute zertan den 2016an zehar jorratuko duten bigarren programa. Ikastaro-sorta bat prestatu dute: hamabi izango dira denera eta martxotik abendura bitartean egingo dituzte.
"Bizikidetza soziopolitikoa sendotzeko beharrezkoak diren zenbait gai aztertuko ditugu ikastaroetan: indarkeriaren kontakizuna egiterakoan memoriak eta historiak baliorik duten ala ez, justiziak eta komunikabideek elkarbizitza hobetzeko bete dezaketen papera, gatazkaren aurrean euskal literaturak eman duen ikuspegia edota tormentuaren memoria, besteak beste", azaldu du Joxean Rekondo Hernaniko Elkarbiziko kideak.
Rekondok aipatu duenez, "eraikitzailea" izan daiteke "euskal herritarrei egindako kalte guztia" erakustea ikastaroetan, "bizikidetzaren oinarri sendoak" jartzerakoan.
Elkarbizikoek lehengo urtean antolatu zituzten aurrenekoz "bizikidetzaren aldeko" jardunaldi eta ikastaroak.
Lehenengoa, Lasarte-Orian
Prestatu dituzten hamabi ikastaroetatik hiru gure herrian egingo dituzte. Hilaren 12an izango da lehenengoa, Villa Mirentxu aretoan, goizeko hamaiketan. Xabier Minguez eta Imanol Lizarralde doktoreek -Soziopsikologian eta Historian, hurrenez hurren- hitz egingo dute, gai honi buruz: 'Indarkeriaren kontakizuna, osaera eta bideraketa, memoria edo/eta historiaren bidez?'. Hitzaldiaren ostean, ikastaroko kideen artean foro moduko bat ere egingo dute, Rekondok aurreratu duenez: "Kurtsoak parte-hartzaileak izatea nahi dugu".
Mugatuak dira ikastaroan parte hartzeko plazak, antolatzaileek zehaztu dutenez: 20 pertsona gehienez. Martxoaren 9a baino lehen eman beharko dute izena; ganboiturri@gmail.com helbide elektronikora mezu bat bidali beharko dute interesa dutenek.
Arestian esan bezala, hiru ikastaro egingo dituzte denera Lasarte-Orian. Ekainaren 25ean eta uztailaren 16an izango dira beste biak. Lehenengoan 'Autokritikaren balioa' dokumentala aztertuko dute, eta bigarrenean 'Elkarbizitza, biolentzia eta legitimitatea' gaia jorratuko. Zehazteke dituzte oraindik hizlariak.
Elkarbiziko kideek gaurko prentsaurrekoan argitu dutenez, "bailarako herri guztietan" egingo dituzte hamabi ikastaroak.