Askotariko estilotako musika emanaldia iraileko lehen asteburuari ongi etorria emateko

Txintxarri Aldizkaria 2016ko ira. 3a, 23:11

Lasarte-Oriako udalak eta Xpressionkek elkarlanean antolaturiko Kultur Kale Zikloa ekimenaren baitan, Pj Kahuna eta Sara Grajal musikarien kontzertua izan da, iluntzean.

Pop,Rock, Soul eta Country estiloko musika emanaldia eskaini du, gaur, Pj Kahuna eta Sara Grajal bikote musikariak, Lasarte-Orian.' Kultur Kale Zikloa' ekimenaren baitan, musika estilo anitzetako kontzertu atsegina eskaini dute musikariek, iluntzeko 20:00etan, Tximistarreta parkean. Egunak eskaini duen giro eguzkitsuak lagunduta, puntu-puntuan eman diote hasiera kontzetruari eta hainbat musika doinu ezagun entzun ahal izan dira emanaldian zehar; Greasen 'You're the one I want' eta Amy Mcdonalden 'This is the life' abestiak, besteak beste.

Kultura deszentralizatzeko asmoz, uztaila erdialdean eman zitzaion hasiera Kultur Kale Zikloari, eta orduaz geroztik, seigarren eta azken aurreko musika emanaldia izan da gaurkoa. 

Hurrengo hitzordua: Irailak 10, 20:00etan, Hugo Silveira eta Naldo Gómes musikariak arituko dira, Urbarten.